Aretxabaleta kirol elkarteak azken denboraldiko jardunaren berri eman zien joan den egubakoitzean bazkideei, urteko batzarra eginda. Futbol, pilota, karate eta gimnasia erritmiko sailak batzen dira UDAren estalpean, eta horietako kirolari kopuruak gora egin duela jakinarazi dute, 610 izatetik 621ra pasatuta. Eta haien bueltan 84 teknikarik jardun dute lanean.
Kirol lorpenei dagokienez, nagusia izan da Ohorezko Erregionaleko futbol taldea Hirugarren Mailara igo izana. Baina beste hainbat ere egon direla gogorarazi dute: kadeteak ohorezko kadete mailara igotzea; alebinek Gipuzkoako eta Euskadiko futbol txapelketatan bigarren postua eskuratzea, "UDAko emaitzarik onena bere historian"; eta Irati Betegi pilotaria lau eta erdiko Gipuzkoako txapelduna izatea, gazteen mailan.
Era berean, bultzatzaile lanetan jardun duen herria eskertu gura izan dute: "Aipamen berezia herriari, denboraldian zehar UDAko talde guztiei babesa emateagatik".
Nabarmentzeko proiektuen artean EKKO dago; eskola, kirola, komunitatea eta osasuna eskutik dihardute lantzen azken urteetan, Aretxabaletako Udalarekin elkarlanean.
Denboraldi berriko helburuak
Plan estrategikoan zehaztutako ardatzei jarraipena emateko asmoa dute: "Pertsona bakoitza, bakarra, ardatz izanda, eta emakumea, herrigintza, komunitatea eta euskara bultzatuz, hain zuzen ere".
Diru-kontuei dagokienez, urtea "negatiboan bukatu" dute: "Horren arrazoia da Udalak 2023ko dirulaguntzak ez dituela banatu arazo burokratiko baten ondorioz, baina bermatu digute kobratuko direla.
Datorren denboraldiaren aurrekontua ere aurkeztu dute: 338.000 euro. Dena den, bazkide-kuotak ez du igoerarik izango: "Orain artekoa izango da, baina, behar izanez gero, klubaren bi egun erdi egon daitezke".
Fitxaketak
Kirol helburuei dagokienez, Hirugarren Mailari eustea izango da futbol sailaren erronka nagusia. Horretarako, dagoeneko hasi dira taldea indartzen eta bi fitxaketa iragarri dituzte, gaur-gaurkoz: Joseba Orbegozo elorriarra, ezker hegaleko defentsa, Aurrera Ondarroa taldean jardundakoa azken denboraldian; eta Xabi Azpiazu bergararra, eskuin hegaleko defentsa. Taldeak atzo ekin zion denboraldi berria prestatzeari, lehen entrenamendu saioa eginda.