Euripean joan zen atzoko bazkaria eta plazako arkupeetan jarri behar izan zituzten mahaiak, baina herritar kopuru polita elkartu zen eta festa giroa nabarmena izan zen. Merkatari elkarte dinamikoa dute Aretxabaletan eta hirugarren urtez egin dute Aretxarte Jaia. Atzo, 230 herritar gerturatu ziren antolatutako paella-janera.
Bi eguneko egitaraua izan du Aretxarte Jaiak. Egubakoitzean umeendako jolasak, batukada eta Zerendepya taldearen kontzertua izan ziren. Zapatuan, berriz, Suthai batukada, paella-jana, bingo musikatua eta DJ Txurruren kontzertua.
Paella egileek 12:00etan jarri zituzten paella-ontziak sutan, eta 14:30erako prest ziren ia 300 errazio. 30 kilo arroz erabili zituzten. Aretxabaletarrek ilaran itxaron zuten paella plater bana jasotzeko zain, eta berehala hustu ziren hirutik bi paella-ontzi. Nahi izan zuenak errepikatzeko aukera izan zuen.
Paella oso goxoa zegoela esan zuten aretxabaletarrek. Bi sagardo kupel ere egon ziren, Saizar sagardotegiko sagardoarekin. 180 litro ekarri zituzten.
Balorazio positiboa
Aretxarteko kideek balorazio positiboa egin dute. Aretxarte Jaia giro onean joan da eta bazkaltzeko elkartutako jende kopurua polita izan da.
Aretxarte merkatarien elkarteak herritarrendako antolatutako egitaraua da Aretxarte Jaia. Salmenta kate handiak nagusitzen ari diren honetan herriko komertzioa balioan jartzeko ekimena ere bada, noski.
Hain zuzen ere, Aretxartek antolatuta uztailaren 19an egingo dute Ixadebalde merkealdien azoka herrian.