"Auzoa bizirik mantentzea". Helburu horri helduta antolatu ditu Portasolgo jaiak iaz ere horretan ibilitako lantaldeak, eta herritarrei eskerrak eman gura izan dizkie: "Eskerrik asko, modu batean edo bestean, aurreko urteko ezustekoaren ondoren babesa eskaini zein lagundu zeniguten guztiei! Izugarria izan zen. Zuengatik ez balitz hau guztia ez zen posible izango. Orain, merezi dugun moduan gozatzeko ordua da!". Eguenean ekingo diete, uztailaren 11n, eta domekara bitartean askotariko ekitaldiak izango dira.
Defentsa pertsonal ikastaroa
Jaiei ekiteko, defentsa pertsonal ikastaroa izango dute emakumeek Arrasateko Borroka Arte Eskolako aikido irakasle Jose Matasek gidatuta. Uztailaren 11n izango da, eguena, 17:00etatik 19:00etara bitartean, kiroldegi aurreko zelaian. Izena aldez aurretik eman behar da honako telefono-zenbaki honetara idatzita –izena eta Autodefentsa idatzita–: 679 05 71 20.
Lanketa horrek bi zati izaten dituela azaldu du Matasek: "Atal bat teoria da, eta hor azaltzen dugu egoera bakoitzaren aurrean zelan jokatu; eta bestea, praktikoa; hainbat teknika irakatsiko ditugu". Edozein emakumek har dezake parte: "Ez dago baldintzarik, ez adinari, ez ezaugarri fisikoei dagokienez, eta oso teknika samurrak dira". Hortaz, guztiak gonbidatu ditu.
Kontzertu akustikoak
Bestetik, eguenean, umeek ur-jolasak izango dituzte kiroldegi aurreko zelaian, 18:00etan. Musika osagai garrantzitsua izan ohi da Portasolen, eta lehen egunean kontzertu akustikoak izango dira, 20:30ean hasita: batetik, Garazi eta Sala arrasatearrak, eta, bestetik, Edu Zardoya gitarra-jole tuterarra igoko dira txosnaguneko oholtzara.
Radarraren aurkako lasterketa
Aurten ere jokatuko dute radarraren aurkako lasterketa, Ibarra tabernaren aurrealdean. Iazkoak ikusmin handia sortu zuen, eta bigarrena jokatzeko gogotsu izango dira gazteak zein helduak. Irabazleak saria izango du, gainera: txapela eta Goyaran jatetxean bi afari.
Hurrengo egunetan ere ekintza mordoa izango dira; besteak beste, patata-tortilla eta paella txapelketak, artisauen eta bigarren eskuko produktuen azokak eta musika emanaldiak: Bengo, Pxli & Ekso, Garratz, Sukena eta Kaos Urbano.
Hona hemen egitaraua osorik:
Uztailak 11, eguena
- 17:00 Ikastaroa: Emakumeen defentsa pertsonala (Izena emateko idatzi: 679 05 71 20).
- 18:00 Ur-jolasak, kiroldegi pareko zelaian.
- 19:00 Pintxopotea.
- 20:30 Kontzertu akustikoak: Garazi eta Sala eta Edu Zardoya.
- Ondoren, Radarraren Kontrako II. Lasterketa, Ibarra tabernaren aurrealdean. Saria: Txapela eta Goyaran jatetxean bi afari.
Uztailak 12, egubakoitza
- 18:30 Gaiteroak, buruhandiak eta erraldoiak.
- 19:00 Patata tortilla txapelketa.
- 19:30 Txupinazoa, txosnagunean.
- 21:30 Kontzertuak: Pxli&Ekso (live session), Bengo eta Sun's Door erromeria.
- Ostean, DJ Maikel Night.
Uztailak 13, zapatua
- 10:00 Zazpiko futbol txapelketa, Ibarra futbol zelaian. Grafiti erakustaldia eta mural margotzea, auzoko hainbat gunetan.
- 11:00 Lasterketak ume eta gaztetxoentzat, Bizkaia kalean.
- 12:00 Arku tiraketa erakustaldia, zelaian.
- 12:00-14:00 Puzgarriak.
- 15:00 Bazkaria: paella, jogurta, kafea eta edaria. Txartelak salgai dituzte 10 eurotan, honako tabernetan: Dorleta, Ibarra, Aretz eta Eguzki.
- Ondoren, bingo musikatua Atxabalta Harroren eskutik.
- 16:00 Mus txapelketa, Eguzki Alde elkartean. Arratsaldean, DJak eta kontzertuak auzoko tabernetan.
- 22:00 Kontzertuak, txosnagunean: Garratz, Sukena, Kaos Urbano. Ondoren, DJ Karapaixo.
- Gaupasa egiten dutenentzat soka-saltoa eta sorpresa abstraktua.
Uztailak 14, domeka
- 10:30 Artisau eta bigarren eskuko produktuen eta jostailuen azoka, Bizkaia kalean.
- 13:00 Paella lehiaketa.
- 19:00 Nagusiendako dantzaldia, Zaraiako aparkalekuan.
- 20:00 Auzoko nagusienari eta gazteenari omenaldia.