Plazandreak torneoa aurkeztu zuten joan den astean, baina ez da udan herriko frontoietara emakumezkoen pilota ikuskizuna eramango duen torneo bakarra. Izan ere, irailaren 15era bitartean Udako Master Laboral Kutxa torneoa jokatuko dute hamasei herritan, tartean, Aretxabaletan. Finala Donostiako Atano III.ean jokatuko dute –ETBk zuzenean emango du–, eta finalerdiak Galdakao eta Zarautzen daude iragarriak, biak irailaren 15ean.
Gainera, txapelketan egongo diren pilotarien berri ere eman dute aurkezpenean. Parte-hartzaileak lehen mailako hamar pilotari izango dira, Larrarte-Mendizabal, Aldai-Oses, Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara eta Garai-Capellan, bikote orekatu eta lehiakorrak bostak ere. Pilotariak gustura agertu dira aurretik duten uda ilusionagarriarekin. Antolatzaileen aldetik, Iker Amarika Emakume Master Cup zirkuituko arduraduna ere oso gustura agertu da prestatu duten lehen mailako programazioarekin. "Uda betea daukagu eta pilotariek asko gozatuko dute aurtengo txapelketarekin. Udako Master Laboral Kutxa txapelketa udako lehiaketa erreferentea da. Udalerri asko dira aurtengo ekitaldia jasotzeko interesa jarri dutenak eta nabaria da emakumeen esku pilota goraka egiten ari dela". Bada, Aretxabaletako Udala da interesa erakutsi duen horietako bat, eta Andramaixetako jai egitarauaren barruan torneo horretako pilota jaialdia antolatu dute abuztuaren 15erako (17:00).