Arrasateko Borroka Arte Eskolako kideek aurretik ere lan egin izan dute defentsa pertsonal ikastaroak ematen eta lanketa horrek bi zati izaten dituela azaldu du Matasek: "Atal bat teoria izaten da, eta hor azaltzen dugu egoera bakoitzaren aurrean zelan jokatu. Eta beste atala da praktikoa; teknika ezberdinak ezagutaraziko ditugu".
Edozein emakumek har dezake parte: "Ez dago baldintzarik, ez adinari dagokionez, ez ezaugarri fisikoei dagokienez. Indarra ez da garrantzitsua, hori baino garrantzitsuagoa da teknika, non eman jakitea". Gaineratu du, teknika samurrak izaten direla eta horiek barneratzeko ez dela aparteko ikasketarik egin behar: "Badaude puntu ahul batzuk eta horiekin asmatzea da kontua".
Tekniken jakitun izateak konfiantza ematen diela emakumeei dio, eta horregatik parte hartzera gonbidatu ditu: "Hainbat herritan eman izan ditugu halako ikastaroak eta oraingoan ere animatuko nituzke parte hartzera".