Loratuk du udaleku irekien ardura beste urte batez, eta bi koordinatzailek jardungo dute egunotako ekitaldiak antolatzen eta bideratzen. Haur Hezkuntzako hirugarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko neska-mutikoak elkartuko dira eta 34 hezitzaile izango dituzte lagun.
Goizez jardungo dute, 09:00etatik 13:00etara bitartean –HH3koen ekintzak 10:00etan hasiko dira–, eta eguenetan, ordutegi jarraitua izango dute 17:00ak arte. Egun horiek aprobetxatuko dituzte ekintza bereziak egiteko, hala nola, beste herri batzuk bisitatu, egun-pasak egin… Egubakoitzetan, ostera, ospakizunen txanda izango da: sanferminak, Portasol auzoko jaiak eta udalekuetako jaia.
Futbol campusa
UDAk antolatutako Geroa Sortuz futbol campusean 9 eta 13 urte arteko 93 neska-mutiko elkartuko dira bederatzi begiralerekin, gaurtik uztailaren 19ra bitartean. Astelehen, martitzen eta eguenetan 09:30etik 16:30era izango dituzte jarduerak eta eguazten eta egubakoitzetan, 09:30etik 13:00etara.
Futbolaren bueltako entrenamenduak eta lan-saioak izango dira oinarri baina beste ekintza ugarirekin osatuko dituzte horiek, Urkulura irteera eta Zubietara eta Klub Nautikora txangoak, esaterako.