Basotxo erretiratuen elkarteak batzar orokorra egin zuen ekainaren 17an, eta 25 bat bazkide elkartu ziren azken berriak jasotzeko. 942 bazkide ditu elkarteak –572 emakume eta 370 gizon–, eta azken urtean 130 bat berri egin dira. Zuzendaritzaren gidaritzaren buru izateko, baina, ez da inor aurkeztu eta Migel Elortza presidenteak, bi urte bete arren karguan, irailaren 15a arte jarraituko du. "Orduan bukatuko dut nire jarduna, eta ordezkorik ez badago zuzendaritza batzordeak erabaki beharko du zer egin", azaldu du Elortzak berak. Batzordea utzi dutenak Nieves Gonzalo eta Jose Ramon Prieto dira eta haien ordez Jaime Mujika eta Fermin Arnaiz sartu dira. Haiekin batera batzordean geratuko dira kide hauek: Ramiro Gomez, Juan Cruz Diez, Conchi Romano, Emilio Inda, Mari Carmen Corres eta Juan Tomas Zabala.
Jarduera asko
Egoitzarik izan ez arren ohiko jarduerekin jarraitu dute Basotxoko kideek. "Hala ere, guztiak ezin izan ditugu egin eta horiek berreskuratu gura ditugu. Gainera, Udalarekin elkarlanari ekin diogu eta hitzaldiren bat edo beste antolatu gurako genuke, Arkupen, esaterako, oporrak hartu aurretik", azaldu du Elortzak.
Era berean, gogorarazi dute talde asko daudela Basotxoren bueltan: kantu taldea, euskal dantzak, saloiko dantzak, pintura taldea eta Atxabalta Lagunkoia. Horiez gain, memoria tailerrak ere egiten dituzte eta nagusien martxak ere bai: "Bakoitza zertarako den onuragarria zehaztu gura izanez gero eta horien guztien gaineko argibideak jaso Basotxotik pasa daitezela bazkideak".
Egoitza berria, urrirako
Egoitza berriaren lanak uste baino gehiago luzatu dira, baina urrirako gertu izango dutela adierazi zuen Elortzak: "Lanak bukatzear daude, eta gero, hornitu egin behar da guztia. Hala ere, Garikoitz Iturbe alkateak esan digu urrirako izango dugula". Egoitza berrian kokatutako erabilera askotariko aretoak "aukera handiak" emango dituela uste du eta azken urtean egin ezin izan diren hainbat ekintza berreskuratuko dituzte: "Ea ordurako zuzendaritza berria osatuta dagoen eta lanari ekinda".
Atxabalta Lagunkoia
Lanean jarraitzen du Basotxoko kideek osatutako Atxabalta Lagunkoia taldeak, astean birritan elkartuta. Bakardadea lantzen dihardute azken hilabeteetan. Aurtengo ikasturtean, Aretxabaleta Lanbide Eskolan izan ziren gaiaren bueltan jarduten, baita Kurtzebarri institutuan ere: "Basotxoren gaineko argibideak ere eman genizkien eta oso aberasgarria izan zen". GSR egoitzan ere izan dira behin baino gehiagotan; azken solasaldian zaintzaren gainean jardun zuten.