Hirugarren maila, pauso batera

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 14a, 18:00

Aretxabaletako taldekideak martitzeneko entrenamendu saioa hasi aurretik, Ibarran

Ibarra futbol zelaia txiki geratuko da bihar, zapatua (17:30), Aretxabaletaren eta Gasteizko Aurreraren arteko play-off-eko azken partiduan; bederatzi urte igaro eta gero, UDA Hirugarren Mailara buelta daiteke, baina garaipena behar dute.

Bederatzi urte geroago, Aretxabaletak eskura du Hirugarren Mailara itzultzea, eta oraingoan haren esku dago lorpena. Izan ere, 2015ean play-off-ean bigarren geratu ostean, goiko kategorietako karanbolen zain egon behar izan zuten –Arenasen eta Gernikaren igoerek baliatu zuten UDA mailaz igotzea–. Esan bezala, baina, biharkoa finala da. Garaipena lortzen duena mailaz igoko da, inoren zain egon barik. Playoff-eko hirugarren taldea, Bermeo, dagoeneko jokoz kanpo geratu da eta Gasteizko Aurreraren eta Aretxabaletaren artean jokatuko dute txartela.

Saria ez da, baina, hor geratzen. Play-off-ean bigarren geratzen denak, nahiz eta mailaz ez igo, datorren denboraldian Errege Kopa jokatuko du, eta hori ere ez da sari txikia. Aretxabaleta, baina, ez da matematika ariketak egitera irtengo Ibarrako berdegunera, partidua irabaztera doa. "Hirugarren Mailara igo nahi dugu; ez zen denboraldi hasierako helburua, baina halaxe suertatu da eta garaipena dugu buruan", dio Iago Zuazua kapitainak. "Egia da, baina, berdinketa batekin datorren urtean Errege Kopa jokatuko genuela, eta 2-1 galduta ere Bermeoren aurretik geratuko ginatekeela. Kontu horiek ondo daude, sari polita izango litzateke Kopa jokatzea, baina guk mailaz igo nahi dugu eta asmo horrekin zelairatuko gara".

Unai Calzon entrenatzaile aretxabaletarrak egin du Gasteizko Aurrera taldearen gainean berba: "Ikusi dudanagatik, Gasteizko Aurrera gure tankerako taldea da. Gazteak dira, gu bezala futbolean jokatzen saiatzen dira eta aurrean jokalari azkarrak dituzte; atzean, berriz, sendoak dira. Ea euren kontra gure jokoa egin dezakegun eta min egiteko kapaz garen".

Ibarra txiki gera daiteke

Aretxabaletako zuzendaritzak garbi du zapatuan jende asko batuko dela harmailetan, eta eurak ere lanean dabiltza zaleak erakartzeko (Ikus goiko taula). Hala, entrenatzaile aretxabaletarrak garbi dauka oraingoan ere zaleen babesa izango dutela: "Halako hitzorduetan aretxabaletarrek ez dute kalerik egiten eta Ibarrara etortzen dira taldea animatzera, eta espero dugu zapatuan ere horrela izatea".

Irabazi edo galdu, Calzonek garbi dauka taldeak baduela zer ospatu: "Hirugarren Mailara ez igotzeak ez du esan nahiko orain arte egindako lanari balioa eman behar ez diogunik. Bigarren amaitu dugu liga, eta urte osoan egon gara aurrealdeko postuetan. Talde honek egin duen lana itzelezkoa izan da, baina partidua galtzen badugu mailaz igotzea merezi ez dugun seinale izango da, kontrarioa gu baino hobea izan dela, eta hori onartuta berdin jarraituko dugu lanean, orain arte egindakoaz harro. Hori bai, biharko partiduan jokalariak dena ematera irtengo dira".

Egun osoko egitaraua prestatu dute

Bihar goizean, klubeko jokalari gazteen eta gurasoen artean lagunarteko partiduak egingo dituzte Ibarran, eta arratsaldean 15:30ean egingo dute zaleekin hitzordua, Duranan. "Han hasi eta Ibarraraino kalejira egingo dugu, trikiti eta guzti, eta 16:00etarako Ibarra girotzen hasiko gara. Partidu ostean Hirugarren Mailara igo bagara jokalariak kamioian jaitsiko dira plazara, eta Kurtzebarriko eskolako balkoira igoko dira. Ez badugu igoera lortzen, jaia berdegunean bertan egingo dugu, baina ez dugu gehiago luzatuko", adierazi du Agurtzane Elkorok. Galdu edo irabazi, zuzendaritzakoek eta jokalariek elkarrekin afalduko dute zapatuan, eta orduan emango dute denboraldia amaitutzat: "Emaitza edozein dela, badugu zer ospatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak