Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiñak eta Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, ekainak 11. Bi aldeek "elkarlanean jardungo dute, orain arte bezala" esperientzia eta baliabideak elkartrukatuta.
IdeiEnea lankidetza barruan
Lankidetza horren adibide jarri dute IdeiEnea, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusaren eraikinaren alboan eraikitzen dabiltzan espazioa. Unibertsitatetik adierazi dute proiektu anbiziotsua dela eta bi helburu nagusi dituela: "Batetik, komunikazioaren euskal ekosisteman esperimentazioa eta berrikuntza sustatzea, besteak beste, horretarako ekintzaileentzako bidelaguntza eskainiz, eta bestetik, erakundeei komunikazioaren alorrean puntako talentua, ezagutza eta aholkularitza eskaintzea. Finean, ekosistemako eragileen artean lankidetzarako aukerak sortu nahi dira IdeiEnean, gizartean eragina areagotzeko".
Espazio horrek, besteak beste, co-working espazioa bat izango du "ekintzailetza proiektuak" aurrera eramateko". Eraikin berriak areto bat ere izango du, eta Aretxabaletako Udalak kultur ekitaldietarako erabili ahal izango duela azaldu dute. "Orain artean bezala campuseko liburutegia Aretxabaletako herritarrentzako irekita egongo da".
IdeiEnea espazioaren lanak bukatutakoan herritarrei begirako ate irekien saio bat antolatuko duela Mondragon Unibertsitateak jakinarazi dute.
Komunitatearekin "harremanak sendotzen"
Ipiña dekanoak azpimarratu du Aretxabaletako Udala "agente klabea" dela fakultatearentzako eta horren erakusle dela hitzarmenaren berrestea: "Horrek aukera emango digu Aretxabaletako herriarekiko eta komunitatearekiko harremanak sendotzen jarraitzeko".
Gari Iturbe alkateak, bere aldetik, unibertsitatearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi du: "Guretzako ezinbestekoa den harremana da unibertsitatearekin duguna eta sendotzeko asmoa dugu".