25 kilometrotako mendi ibilaldia domekan, Murrukixok antolatuta

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 14a, 16:41

Hainbat lagun Murrukixoren egoitzan izena ematen.

Murrukixo mendizale elkarteak XII. mendi martxa egingo du domekan. 25 kilometroko ibilaldirako 150 lagunek aldez aurretik eman dute izena, baina egunean bertan ere eman ahal izango da, Herriko Plazan, abiatu aurretik –10 euro ordainduta–; 07:30ean da irteera ordua.

Bide ezezagunak eta txoko ezkutuak ezagutzeko ibilbide aproposa antolatu dute. Herriko Plazatik abiatu eta Urkulura joango dira eta Areantza auzotik Kurtzebarri hegirantz joko dute. Malda zeharkatu eta Ugastegira jaitsiko dira; han bertan egongo da lehenengo anoa-postua, zortzigarren kilometroan.

Gero, Andarto eta Andarto Txikiren artetik aurrera egingo dute, eta Aumategi atzealderantz jo, Alabita Txikira jaitsita, eta Leixargaratera iritsiko dira; han ere anoa-postua egongo da, hamaseigarren kilometroan. Handik jaitsiko dira Aretxabaletara. "Aurten Degurixatik ez gara pasatuko baina ikusi ikusiko dugu, eguraldiak laguntzen badigu behintzat", azaldu dute Murrukixoko kideek.

Bideak ezagutzeko aproposa

Ibilbideak ez duela aparteko gogortasunik adierazi du antolatzaileek, jakinik hori norberaren kontua ere badela: "Hasieran dago aldapa eta Aumategira igotzeko ere bai. Baina gero, 15. kilometro ingurutik aurrera ez dago igo beharrik. Orain dela bi urtekoa gogorragoa izan zen".

Bideak ikasteko ibilbide polita dela aurtengoa uste du: "Senda horietako asko gutxik dakizkite; hortaz, horiek ikasteko eta gero erabiltzeko izan dadila ibilaldia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak