Atxabalta Harro taldeak ospakizun eta aldarrikapen eguna antolatu du, hirugarrenez, biharko, zapatua. "Lehenengo urteko apaltasunera itzuli gara eta egun bakarrera mugatuko da eguna; betiere, oinarriak zeintzuk diren argi izanda eta hori erakutsita herrian. Horren arrazoietako bat da urtean zehar ere bagabiltzala ekintzak antolatzen eta lehen baino presentzia handiagoa hartzen", azaldu du elkarteko kide Beñat Arizabaleta Irurek.
UDArekin elkarlanean
Egunaren helburu nagusia da LGTBIAQ+ kolektiboko kideentzat "ahalik eta herri bizigarriena" izatea. "Eragin gura dugu ahalik eta esparru gehienetan: parranda giroan, dendetan, kalean, ikastetxeetan… Gerta daitezkeen eraso eta jarrera homofobo, transfobo eta LGTBIAQ+- fobo guztiak desagertzea izango litzateke gure helburu ideala, herri are eta bizigarriagoa eta seguruagoa izan dadin guztiontzat, ez bakarrik kolektibo horietako kideentzat".
Horretarako dagoeneko hainbat ekimen egin dituztela adierazi dute; Aretxabaleta kirol elkartearekin, esaterako: "Herrian futbolak eta UDAk duten indarra ikusita ezinbestekotzat jo genuen eurekin elkarlana abiatzea. Hala, maiatzaren 19an, denboraldiko azken partiduan, galtzerdi bereziak jantzi zituzten eta banderarekin argazkia atera. Lehen pauso bat izan da elkarlan horretan, eta bide horretatik jarraitu behar dugu, UDAk aldaketa handia eragin dezakeelako herrian".
"Harrera beroa" aurrekoek
Taldeko kideak pozik daude orain arteko egunei egindako harrerarekin: "Ikusten dugu herrian gutxieneko kontzientzia bat badagoela eta poliki-poliki aurrerapausotxoak ematen bagabiltzala. Oraindik bide izugarri luzea dugu aurretik, baina hasierako indar hori hartzen hasita dago, eta orain, eutsi egin behar diogu".
Eguneko egitarauaz gain, ekain osoan Arkupen egongo den erakusketa nabarmendu gura izan dute: lesbianismoaren gaineko erakusketa. Horrez gain, bazkaria azpimarratu dute, topagunea izaten delako, eta sorpresatxoren bat edo beste egongo dela aurreratu dute. Eta herritarrak balkoiak apaintzera animatu dituzte. Hemen egitaraua:
Ekainak 15
- • 11:00 Dianitza, diana.
- • 12:00 Pregoia. Herriko Plaza.
- • 12:30 Nork dauko bazkariko giltzia? Plazatik abiatuta kalejira.
- • 15:00 Bazkaria, Iturrigorri pilotalekuan. Sorpresak egongo dira.
- • 22:30 Mikel Night DJa. Mitarte kalea.
Ekainak 29a arte
- • Erakusketa: Bidean: ezkutukotik ikusgaitasunera. Arkupe.
Herritarrei gonbidapena
Borroka egun bateko kontua ez dela argi utzita, herritar guztiak gonbidatu gura izan dituzte biharko ospakizunera: "Parte hartzera eta hausnartzera gonbidatzen ditugu; hain barneratuta ditugun jarrerak zalantzan jartzera eta geure buruari galderak egitera. Gure herriko errealitatea aldatu eta, batez ere, hurrengo belaunaldiei bidea errazteko, epairik gabeko bide bat sortzen joateko. Guztion esku dago. Feminismoarekin, arrazismoarekin eta beste hainbatekin gertatzen den moduan, mugimendu barrukoak kontzientziatzea ondo dago, baina mugimendutik kanpo daudenen parte hartzea ezinbestekoa da, gizartea guztiok osatzen dugulako, eta gizartea aldatzeko guztiok eman behar dugu zerbait".