Lanbide Eskolan egokitutako gurpildun aulki elektrikoak prest daude Senegalera bidaltzeko

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 7a, 14:59

Senegalera bidaliko dituzten gurpildun aulkiak.

Yaakar elkarteak eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak elkarlanean jardun dute azken bi urteetan eta horren emaitza izan da ikasleek eskuratutako bi gurpildun aulki, elektriko bihurtu, eta Senegalera bidaltzeko prestatzea.

"Gurpildun aulkiak elektrifikatzeko proiektua aurkeztu zuten ikasturte hasieran ikasleek eta poliki-poliki urratsak ematen joan dira", adierazi dute ALEko arduradunek. Hain zuzen ere, eskolak dituen ikasketak aprobetxatuta –elektromekanika, karrozeria, automozioa eta erizaintza zaintza osagarriak– garatu da proiektua.

Erizaintza osagarriko ikasleek bailarako hainbat enpresari egin zieten gurpildun aulkien eskaera, eta hiru eskuratu zituzten; Eskoriatzako Jose Arana egoitzan bata, Debagoiena GSRn bestea eta Aita Mennin hirugarrena.

Hala, lanari ekin zioten elektromekanika, karrozeria eta automozioko ikasleek eta, besteak beste, neurriak eta bateriak aztertzen jardun zuten.

Lan horiek egiteko dirua eskuratze aldera aulki horiek ikusgai jarri zituzten urtarrilean, Aretxabaletako Herriko Plazan, eta hainbat ekintza egin, adibidez, galdaragintzakoek egindako roketa-n txistorra erre eta saldu. "Hori guztia kontuan hartuta ikastetxe mailako proiektua izan zela esan daiteke".

Behin aulkietan egin beharreko lanak bukatuta, Senegalera bidaltzeko prest dituzte.

Eskolako kideak pozik agertu dira 2023-2024 ikasturteari "paregabeko amaiera" eman diotelako horrela: "Eskertu nahiko genuke ikasleek egin duten lan bikaina!". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak