Arkupeko oholtza, musika ikasleen topaleku izango da datozen egunetan

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 7a, 14:10

Ikasturteari bukaera emateko, Musika Astea egingo du Leizarra musika eskolak ekainaren 16tik 21era bitartean, eta egunero izango dira erakustaldiak, Zaraia aretoan; aurretik, astelehenean, Debagoieneko musika eskoletako kideak elkartuko dira han.

Azken txanpan sartu da Leizarra musika eskola, eta aurten, lehenengoz, astebetean egingo dituzte emanaldi guztiak, instrumentuetako ikasleen mailaren araberako taldeak osatuta. Ekainaren 16tik 21era izango dira horiek, Arkupeko Zaraia aretoan, eta Musika Astea izenaren baitan bildu dituzte.

Kantu emanaldiak hilaren 16an

"Hainbat instrumentuk egingo dute bat taldetan, ikasleen maila errespetatuta. Hasiberrietatik hasi eta gorengo mailara artekoek joko dute, eta helburua da ikasturtean ikasitakoa erakustea", azaldu du Mariatxen Urkiak, eskolako zuzendariak. Hilaren 17an, 19an eta 20an izango dira horiek, 18:00etan.

Ekainaren 18an, ostera, ikasturte amaierako kontzertua egingo dute; hori ere Arkupen izango da, 18:00etan. "Urterokoa da; dagoeneko mailatxo bat duten ikasleak elkartuko dira hor". Eta 21ean, konbo kontzertuak izango dira, talde formatuan.

Horien aurretik, hilaren 16an kantu emanaldia izango da, 19:00etan. Urkiaren esanetan, kantuko eskolak jasotzen dituzten sei abeslari izango dira oholtzan eta abesbatzako gazteek ere hartuko dute parte, konbo batekin, hain zuzen.

Bi bandaren emanaldia

Astelehenean, hilaren 10ean, ostera, Debagoieneko musika eskoletako ikasleen topaleku izango da Arkupe. Aretxabaletarrekin elkartuko dira Arrasatekoak, Oñatikoak, Bergarakoak, Eskoriatzakoak eta Soraluzekoak eta bakoitzak hamar minutuko saioa egingo du.

Udaleko Kultura Sailak antolatutako 7x7 kultura kalean ekimenaren baitan, berriz, musika eskolako bandak, Oñatiko banda gaztearekin batera, kontzertua emango du hilaren 14an, 19:00etan, Felix Iñurrategi lorategian. Jon Lopez zuzendariaren gidaritzapean, animaliekin eta naturarekin zerikusia duten piezak joko dituzte.

Matrikulatze epea irekita

Musika eskolak jaso gura dituenak matrikulatze epea zabalik dauka ekainaren 14a arte. Eskolatik bertatik pasatu daiteke argibideak jasotzeko eta izena emateko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak