Aranzadi Zientzia Elkarteko Eloisa Uribarri Agirrebengoa, Alfredo Moraza Barea eta Alex Ibañez Etxeberria arkeologo eta dokumentalistek egindako lana da Galarza: linaje y torre. Siglos XV-XX liburua, eta zapatuan, ekainak 8, aurkeztuko dute, Arkupen, 12:00etan.
Orain dela hiru hamarkada Galartzako dorretxean egindako indusketa bat izan zen lan horren abiapuntua, eta, hari-mutur horri tiraka, dorretxearen bueltako hainbat aspektu landu dituzte. Hiru kapitulutan banatuta, Leintz bailararen historia, galartzatarren familiako kontuak eta dorretxearen eta jauregiaren bilakaera jaso dituzte.
Lanaren nondik norakoak Moraza eta Ibañez egileek azalduko dituzte zapatuan, Arkupen egingo duten aurkezpenean. Liburuaren sustatzaile izan diren Aitor Antxia Leturia eta Iñaki Urreta izango dituzte lagun horiek, eta herritarrak bertara gonbidatu dituzte.