Lau domina eskuratu dituzte UDAko karatekek denboraldiko azken txapelketetan

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 4a, 17:41

Ariane Bartolome, Odilo Vazquez eta Maren Oroiz dominekin. (Argazkia: UDA)

Aretxabaleta kirol elkarteko karate taldeko kideak bi txapelketatan izan dira azken asteburuan. Gazteenek Euskadiko Eskola arteko Txapelketan hartu dute parte, Barakaldon, eta gainerakoek, Iruñean jardun dute lehian.

Kata modalitatean jardun zuen Maitane Bartolomek ekainaren 1ean, Barakaldon jokatutako Euskadiko eskola arteko txapelketan. Lehen konbatea irabazi egin zuen baina bigarrenean ezin izan zuen mendean hartu aurkaria. "Hala ere, esperientzia ona izan da Maitanerentzat eta goi-mailako txapelketetan lehiatzen hasi da", adierazi dute taldetik.
 
Iruñean, ostera, II. San Juan Donibane Txapelketa jokatu zen zapatuan eta UDAko bost karateka izan ziren han. Kata modalitatean, Odilo Vazquezek beteranoen mailan hartu zuen parte eta bi kata on egin arren ezin izan zuen bere arerioa gainditu.
 
Bestalde, kadeteen artean, Maren Oroizek eta Ariane Bartolomek hiru kata egin ostean Oroizek brontzezko domina eskuratu zuen eta Bartolomek zilarrezkoa.
 
Kumite modalitatean, Iñigo Uribeetxebarriak junior kategorian bere aurkaria garaitu eta urrezko domina lortu zuen. Joane Blazquezek galdu egin zuen lehen txandan, esperientzia eta pisu gehiagoko aurkariaren kontra baina repeska baliatuta txapelketan jarraitzeko aukera izan zuen eta brontzezko domina eskuratu zuen.
 
Txapelketa horiekin UDAko karatekek denboraldia bukatutzat eman dute, lehiaketei dagokienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak