Antzezlanak eta musika kalean ekaina girotzeko

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 31a, 16:17

7x7 kultura kalean ekimena familia osoarendako eskaintzarekin dator, beste urte batez. Eguaztenean emango diote hasiera, Kiki eta Koko pailazoen emanaldiarekin, eta Garazi eta Sala bikote arrasatearren doinuekin amaituko dute hilabetea.

Uda giroarekin batera kultur ekitaldiak kalera aterako ditu Udalak, azken urteotan egindako legez. Eguaztenean hasi eta ekainaren 26ra bitartean hainbat, ikuskizun, antzezlan eta musika emanaldi izango dira herriko sei txokotan. "Kultura normalean iristen ez den lekuetara ailegatzeko ekimena da, eta, aurten, lehenengoz, Larrino auzoan izango da emanaldi bat", eman du aditzera Kultura zinegotzi Ibai Zangituk.

Familia giroan ikusteko ikuskizunak izango dira hainbat: "Ekainean umeak libreago egoten dira eta". Eta hori uztartu dute kontzertuekin: "Eguazten pare batean jarri ditugu musika emanaldiak Mitarte kalean, pintxo-potea egoten denez, guztiek batera herria girotzeko".

Haur-animazioa

Kiki eta Koko pailazoak ezagunak dira herriko umeen artean, eta datorren eguaztenean Bizi-bizi zirkua lanarekin etorriko dira, abestiak, dantzak eta joko parte-hartzaileak eskaintzeko. Bihar taldeak, ostera, txotxongiloak protagonista dituen eta berdintasuna aldarrikatzea helburu duen Amets pirata istorioa ekarriko die hilaren 7an.

Eidabe ekimen kulturalak dantzan jarriko ditu neska-mutikoak Gora bihotzak! ikuskizunarekin ekainaren 19an, eta Antxo eta Pantxa bikotea Eman bizia antzezlanarekin joango da 21ean Larrino auzora.

Kontzertu akustikoak eta banda

Musikari dagokionez, emanaldi lasai baina dantzagarriak izango dira. Andoni Ollokiegi musikari pasaiatarra gitarra eskuan duela etorriko da ekainaren 12an eta Bekataria izeneko lehen diskoko kantuak abestuko ditu.

Ekainaren 14an Leizarra musika eskolako bandak eta Oñatiko banda gazteak bat egingo dute Felix Iñurrategi lorategian iluntzea girotzeko herritarrei. Eta hilaren 26an Garazi eta Sala bikote arrasatearrak emango dio bukaera ekimenari, kontzertu akustikoa emanda.

Egitaraua

Ikuskizun guztiak 19:00etan izango dira.

Ekainak 5, eguaztena

• Kiki eta Koko pailazoak: Bizi-bizi zirkua. Gipuzkoa plaza.

Ekainak 7, egubakoitza

• Txotxongiloak: Amets pirata. Santa Kurtz plaza.

Ekainak 12, eguaztena

• Musika: Andoni Ollokiegi. Mitarte kalea.

Ekainak 14, egubakoitza

• Musika: Leizarra musika banda eta Oñatiko banda gaztea. Felix Iñurrategi lorategia.

Ekainak 19, eguaztena

• Haur-animazioa: Gora bihotzak. Herriko Plaza.

Ekainak 21, egubakoitza

• Antzerkia: Eman bizia. Larrino auzoa.

Ekainak 26, eguaztena

• Musika: Garazi eta Sala. Mitarte kalea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak