Sekulako denboraldia egiten zabiltza; gustura, ezta?
Bai, pozik, jarritako helburuak gainditzen nabil eta. Denboraldi bukaerarako podiumen bat egin gura nuen, baina erdira iritsita bi podium eta bi Gipuzkoako txapel irabazita ditut; hortaz, oso gustura.
Ohikoa da errepidea eta mendia bateratzea?
Ez, errepidean bakarrik ibiltzen dira gehienak; Gipuzkoan uste dut talde bakarra dagoela mendikoa. Nahiago dut errepidekoa, gehiago nabilelako eta taldeak hori bultzatzen duelako. Baina mendiko lasterketak ere gustuko ditut, nahiz eta bakarra izan.
Zein da denboraldi on honen gakoa?
Goiz hastea denboraldiaurrea, nire ustez; hau da, denboraldiari ekin aurretik hainbat hilabetez entrenatzen jardutea. Azaroan hasi ginen, hain zuzen ere; orduan, negu partean, barruan jarduten dugu, korrikan eta indarra lantzen, bereziki. Taldeak ematen dizkigun entrenamenduak eta baldintzak oso onak dira horretarako.
Zeintzuk dira zure ezaugarriak?
Aldapetan moldatzen naiz ondo, sufritzen dakit eta. Erlojupekoan eta lautadetan, ostera, ez hain ondo. Esprintean txarra nintzela uste nuen, baina Zumaian hirugarren izan nintzen, eta ikusi dut hor ere egon naitekeela.
Futbolean ere jardundakoa zara.
Bai, futbolean eta pilotan. Umetatik egin dut kirol bat baino gehiago, eta aurtengoa da lehenengo denboraldia kirol bakarrarekin nabilena. Txirrindularitzan geroago hasi nintzen, baina ilusio handiarekin, eta horren aldeko hautua egin dut.
Epe motzera zein erronka dituzu?
Domekan Bergaran Gipuzkoako bakarkako erlojupekoa dugu; ondo moldatu nahiko nuke. Ekainean hiru eguneko proba bat izaten da Bizkaian, eta postu ona lortu nahiko nuke. Uztailean, ostera, taldekako erlojupekoa eta lasterketa asko ditugu.
Eta aurrera begira non ikusten duzu zeure burua?
Urtetik urtera hobetzen joan gurako nuke; ahal den heinean, postu onak eskuratuta. Baina, behintzat, gustura egon gura dut lortutakoarekin eta egindako bidearekin.
Anaia ere indartsu dator atzetik.
Bai; nire antzeko bidea egiten dabil: pilota, futbola eta txirrindularitza. Beharbada, ni erreferentzia naiz harendako, eta ni gustura.
Baliteke urte batzuk barru biok batera ikustea lasterketa garrantzitsuren batean…
Polita izango litzateke, bai. Ikusi egin behar.
Joan den zapatuan, Zumaian jokatutako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Larrañagak eta txapeldunordea izan zen Izortz Llodio taldekide eta laguna. "Taldeko bi egoteak podiumean meritu bikoitza dauka", dio pozik eta Bolintxon duten giroa balioan jarri du: "Familia bat gara. Horrek samurtu egiten ditu entrenamenduak, baita lasterketak ere".