Ametzueta lozorrotik esnatu eta martxan jarri gura dute Aretxabaletako hainbat realzalek. Horretarako, orain dela 18 urte sortutako lagunarteko kideekin harremanetan jartzen hasi dira, eta dagoeneko 125 bat izen jaso dituzte. Horiek bakarrik ez, zale berriak ere batu gura dituzte taldera, eta interesatuak, Realeko bazkideak izan edo ez, Arlutz tabernara joan daitezela eskatu dute, izena emateko han. "Oraingoz, zale guztien izenak jasotzen gabiltza, baina, bereziki, bazkide direnak interesatzen zaizkigu", azaldu dute lagunarteko kideek.
"Denboraldia bukatu berri da, baina datorrenari begira dagoeneko lanean hasi gura dugu", gaineratu dute. Behin martxan jarrita, Realeko arduradunekin batzar bat egiteko asmoa daukate: "Urte askoan ez gara aktibo egon eta ez dakigu zein baldintza bete beharko ditugun. Aurrerago jakingo dugu hori guztia eta antolatzen hasiko gara". Oraingoz "lagunarte sendoa" osatu gura dute, denboraldi berria indartsu hasteko.