Gobernua izatetik oposiziora pasatzerakoan trantsizio hori ahalik eta egokiena egiten saiatu direla adierazi dute: "Gure prestutasuna azaldu dugu martxan utzi genituen proiektuak aurrera egin zezaten". Eta Udalean izan duten "giroa ona" balioan jarri dute: "Konfiantzaz lan egiteko modukoa izan dela esan dezakegu".
Komentuko lanen atzerapena
Esandako horren adibide jarri dute komentuko eraikinaren lanak eta han kokatuko den autonomia sustatzeko gunea. Eta lanen atzerapenaren ardura beregain hartu dute, proiektuaren onerako izan dela iritzita. "Udal Gobernuak berriki iragarri du urrian zerbitzua martxan egongo dela eta obrek atzerapena izan dutela, proiektuak zituen gabezia eta hasieran egindako aldaketa batzuengatik. Proiektuaren sustatzaile izan garen aldetik, atzerapen horren inguruan dagokigun erantzukizuna gure egiteko arazorik ez daukagu, jakin badakigulako azken emaitza herritarrentzat ona izango dela".
Era berean, mojen komentua eskuratu izana balioan jarri gura izan dute: "Harrotasunez gogoratuko dugu eraikina erosteko egindako apustua eta eraikina herritarren gizarte beharretara bideratzeko erabakia".
Agintaldiko plangintza "berandu"
Udal Gobernuak adierazi zuen joan den astean elkarteen, alderdi politikoen eta herritarren iritzia jasoko duela ekainean eta urrian plan estrategikoa aurkeztu. EAJk uste du "berandu" datorrela plan hori, urrian "agintaldiaren %35 pasata" egongo delako. Eta heldu beharreko proiektu batzuk aipatu dituzte: "Institutu berriari azken bultzada bat eman Jaurlaritzaren konpromisoa izanik; frontoiaren proiektua idatzi eta gauzatzen hasi; Lausitta kaleko urbanizazio eta ur hornidura eta saneamendu sarea; kiroldegi aurreko berdegunea…".
Kirol, kultur eta gainontzeko eragileekin egoteko denbora egon dela gaineratu dute, eta orain, lehentasunak ezarri behar direla zehaztu, "inbertsiotarako aurreikusitako diru gerakinak ahalbidetzen duen heinean".
"Hartutako konpromisoak betetzen" hasteko ordua dela adierazi dute: "Herritarrekin eta eragileekin elkarlanak etengabea izan behar du, baina hau ez da agintaldi honetako proiektu estrategikoen inguruko iritziak jasotzen hasteko unea, hartutako konpromisoak gauzatzekoa baizik".