XII. mendi martxa egingo du Murrukixo mendizale elkarteak ekainaren 16an, domeka. 25 kilometroko ibilaldia izango da, eta bide ezezagunak eta txoko ezkutuak ezagutzera emateko ibilbidea antolatu dute, oso ezagunak diren inguruetatik pasatuta; besteak beste, Urkulu, Ugastegi eta Leixargarate. Bi anoa-postu izango dituzte mendizaleek ibilbide horretan, edatekoarekin eta jatekoarekin: bata 8. kilometroan eta bestea 16.ean.
Izena aldez aurretik eman ahal izango da, ekainaren 3tik 7ra bitartean, hain zuzen ere, Murrukixok Durana kalean duen egoitzara jota, 19:30etik 20:00etara bitartean; orduan 5 euro ordaindu beharko da. Ekainaren 16an bertan ere onartuko dituzte izen-emateak, 07:30ak baino lehen, baina orduan 10 euro ordaindu beharko dute.