Bermeo eta Gasteiz, igoera lortzeko azken geltokiak

Julen Murua Mesonero 2024ko mai. 28a, 09:18

UDAko jokalariak, ligako azken partiduan sartutako gol bat ospatzen.

Bermeo eta Aurrera de Vitoria izango ditu aurkari UDAk Hirugarren Mailara igotzeko playoff kanporaketan. Lehen partidua zapatuan jokatuko du Bizkaian eta autobusa antolatuko dute zaleak bertaratzeko.

Ohorezko Erregional Mailako liga erregularra amaitu arren, Unai Calzonek zuzendutako taldeak oraindik ez du denboraldia amaitutzat eman, zorionez. Hirugarren Mailara igotzeko helburua izan du talde aretxabaletarrak urte osoan, eta datozen asteetan egiaztatu dezakete helburua. Horretarako, Bermeo Futbol Taldearen eta Aurrera de Vitoriaren aurka partidu bana jokatu beharko dute, eta neurketa horietan puntu gehien lortzen duen taldeak lortuko du Hirugarren Mailarako txartela.

Honako hau da playoff kanporaketako egutegia:

  • Ekainak 1: Bermeo - UDA.
  • Ekainak 9: Atsedena.
  • Ekainak 16: UDA - Aurrera de Vitoria.

Bermeora joateko autobusa

Ekainaren 1ean, 17:30ean, da Bermeoko partidua, eta hara joateko autobusa antolatu gura du UDAk, "zale guztien babesa jaso dezan taldeak". 15:45ean irtengo du autobus horrek Aretxabaletatik.

Izena emateko epea zabaldu dute eta horretarako galdetegi hau bete behar da: https://labur.eus/Bermeo_UDA_Autobusak. Formulategi bidez izena emateko azken eguna maiatzaren 29a da, 18:00etan. Hortik aurrera, UDAk Durana kalean duen bulegora jo beharko da.

Txartelak jaso eta ordaintzeko (7 euro) ere Durana kaleko bulegotik pasatu behar da: eguaztenean eta eguenean, 18:00etatik 20:00etara.

Autobuseko lekuak mugatuak izango dira. UDAtik jakinarazi dute 2010 azpitik (horiek barne) jaiotakoek arduradun batekin joan beharko dutela. 18 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu egin beharko dute partidurako sarrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak