Dantzari zaletu eta profesionalei plaza ematen die Aretxabaletako Dantza Asteak. Herriko eragile askorekin borobiltzen dute programa antolatzaileek, adin eta gustu ezberdinetara iristeko asmoz. "Gaztelekuko, Basotxoko, Ludotekako edota Gu hazia gara elkartekoen konplizitatea bilatzen saiatu gara, herri guztia dantzan jarri nahian" adierazi du Jaiki elkarteko Maier Etxebarriak.
Atzo, ostirala, Herriko Plazan giro polita sortu zuten pieza garaikideak taularatuta Arrasate Musikaleko dantzariek lehenbizi, eta Larrua proiektukoek ondoren. Arrasateko eskolan harrobi emankorra dagoela erakutsi zuten adin txikikoek zein nagusiagoek. Haiek eman zizkieten lehen zertzeladak arratsaldeari.
Publikoa emanaldiekin sintonian jartzerako iritsi zen Idi-begi izeneko proposamenaren txanda. Gasteizko Larrua proiektuko hiru kide dira protagonistak, horietako bat Maddi Ruiz de Leizaga. Dantzan hasi aurretik azaldu zion Goienari zertan datzan Idi-begi-k: "Idi-probetan dago inspiratua. Genero-rolak aldatzen ditugu; nik eramaten ditut idiak, gizonezkoak. Animaliaren ikuspuntua ere islatzen dugu kontaketan". Goiko bideoan ikus daiteke 15 minutu emanaldiaren bukaera.
Eguna ilundu ahala DJei pasa zieten testigua; lehenengo Remy-ri, eta gero Markel Night-i, Ezkutun.
Dantza Asteak aurrera jarraituko du maiatzaren 31rarte. Bihar, domeka, esaterako, Haur Dantzarien Eguna ospatuko dute.