Prozesu intentsua izan dela adierazi dute, Gobernu Taldeko kide gehienak berriak direlako udal jardunean: "Beraz jardun hau ezagutu, bertara egokitu eta barne dinamikak ulertzeko tartea hartu behar izan dute". Gaineratu dute, "norabide berria" markatzen duten erabakiak hartzen dabiltzala etengabe eta horren adibide eman dituzte "etorkizuneko" hainbat proiektu: zaintza ekosistema, gune estalia eta pilotalekua. "Hilabete hauek, beharrak hobeto identifikatzeko balio izan dute, eta, aipatzekoa da, eragile ezberdinekin martxan jarri diren dinamikak emankorrak izan direla".
Datozen urteetako proiekzioa eta ekimenak zehazteko dinamika bat egin zuten maiatzaren 11n. Eta bide horri jarraituz, elkarteen, alderdi politikoen eta herritarren iritziak jaso nahi ditu orain Udalak. Ekainean izango da hori: "Udal gobernuko kideek, herriko puntu ezberdinetan jartzeko asmoa dute markatutako estrategia eta proiektuen
inguruan ekarpenak jasotzeko".
Behin ekarpen guztiak jasota, urriaren 15ean, 18:30ean, komentuko areto berrian, Udal plan estrategikoa eta bere proiektu nagusiak aurkeztuko dituztela iragarri dute; baita 2025eko Udal aurrekontuaren ildo nagusiak ere.