Parte-hartze handia izan du XIII. Euspot, euskarazko spot lehiaketak. 12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin? izan da aurtengo gaia, mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzea helburu. 87 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 60 18 urtetik beherakoek egindakoak izan dira eta beste 27ak 18 urtetik gorakoenak.
Publikoaren botoa
Sari banaketa ekainaren 6an izango da Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Sei sari banatuko dira guztira: Spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), 18 urtetik beherakoendako gazteen saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro). Publikoaren sariarentzat botoa emateko aukera maiatzaren 24ean irekiko da, eta maiatzaren 27ra arte luzatuko da. Spotak euspot.eus atarian daude ikusgai, eta botoa ere bertan eman beharko da.
Formazio saioak
Lehiaketa antolatzeaz gain, antolakuntzako kideek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskaini dituzte Euskal Herriko ikastetxeetan. Aurten 500 ikasle inguru izan dira formazio saioetan. Hauen helburua gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruko sena sustatu eta lehiaketan parte hartzera animatzea da.