Irabazi arren, mailaz zuzenean igotzeko aukera barik geratu da UDA

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 19a, 19:00

Aretxabaletarrek erraz menderatu dute Oiartzun (5-0), baina Eibarrek ere irabazi egin du Bergaran eta, beraz, lehen postua eskuratzeko aukera barik geratu da Unai Calzonek zuzentzen duen taldea.

Etxeko lanak egin ditu gaur UDAk, Oiartzuni 5-0 irabazita. Ondo sartu dira partiduan aretxabaletarrak eta hamaikagarren minutuan aurretik jarri dira, Josu Aizpuruari golari esker. Hamabost minutu geroago, 25.enean, Manex Ibarrondok bigarrena egin du, aldaratzea harrapatu eta zutoinari itsatsita gola sartu ostean. Atsedenaldira iritsi aurretik handitu dute aldea Unai Calzonenek, Unai Belokik 35. minutuan buruz egindako golari esker.

Atsedenalditik bueltan, lehengo lepotik burua. Aretxabaletarrak jaun eta jabe izan dira eta beste bi gol egin dituzte. Aitor Iriondo izan da bi gol horien egilea. Lehenik, 72.enean, atezainari iskin eginda eta, gero, hiru minutura, buruz.

Garaipen garbia eskuratu dute aretxabaletarrek, baina ez die lehen postua eskuratzeko balioko. Izan ere, Eibar liderrak ere etxeko lanak egin ditu, Agorrosinen 0-4 gailenduta.

Aipatzekoa da, era berean, jokalariek galtzerdi bereziak izan dituztela gaur, LGTBIQ+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira (maiatzaren 17an izan zen egun hori).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak