Ipuin klasikoak modu modernoan kontatzen eskarmentua du 2005ean Gasteizen sortutako Or- tzai antzerki konpainiak, eta hala egingo dute bihar, egubakoitza, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean Andersen idazlearen La sirenita eskainita. Familientzako proposamena da, publiko guztiarentzako aproposa dela diote konpainiakoek, martxoan estreinatu zutenetik hona "harrera ona" izan dutela gaineratuta. "Barrearen bidez belaunaldien arteko bizikidetza eszenaren inguruan uztartzen du, emozioarekin eta gozamenarekin batera hausnartzera bultzatzeko asmoz. Genero-berdintasunari, ingurumenarekiko errespetuari, kontsumo kritikoari, gizarte-egoera ahuleko pertsonekiko elkartasunari eta halako balioen sustapenari heltzen dio, generoari lotutako rolak eta gure garaian gainditutako beste herentzia batzuk ezabatuta", azaldu dute Ortzaikoek.
Antzerki konpainiaz gainera, eskola ere bada, eta badituzte Debagoieneko ikasleak; horregatik, "esker ona adierazi guran", Aretxabaletan estreinatuko dute Gipuzkoako bira.
Hika Teatroarena, domekan
Testu bakoa baina zuzeneko musika duen Atearen bestaldean lana izango da domekan, areto berean, 17:00etan, Hika Teatroa gonbidatuta. "Familiak elkarrekin ikustekoa da, dibertigarria eta parte-hartzailea", azaldu dute Hikako arduradunek, eta zera gaineratu: "4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, bereziki, eta haurrek eta helduek egoera okerrenak gainditzeko dugun gaitasunari buruz hitz egiten du. Agurtzane Intxaurragak zuzendu du eta Sandra Fernandez Agirre aktorea eta Unai Celaya musikaria izango dira taularen gainean".
Bi emanaldietarako sarrerak Aretxabaleta.eus eta Arkupe kultura etxeko leihatilan eskura daitezke.