Aretxabaletatik jendez betetako bi autobus joan dira Eibarrera, Ohorezko Erregional Mailako 32. jardunaldiko partidura UDA taldeari animoak ematera. Zaletu horiez gain, autoetan ere beste zenbait herrikide ere bertan izan dira. Hori horrela, asko eskertu dute jokalariek zaletuen animo horiek, nahiz-eta etxera puntu barik bueltatu diren Unai Calzonen mutilak.
Berdinketaren gola ezin iritsi
Unbe futbol zelaiko harmailak beteta, eta, kasu honetan, talde aretxabaletarren aldeko zaleak, batez ere egon arren, 1-0 hasi da galtzen UDA, 32. minutuan, Ekain Etxebarria Eibar taldeko jokalariak sartutako golari esker. Markagailua 1-0 amaitu da lehenengo zatia.
Bigarren zatian, berriz, berdinketaren gola, 49. minutuan, Xabier Armentiak sartu du, eta partidua aurrera joan ahala, Ekain Etxebarriak bigarrena sartu du, eta, beraz, Eibar aurretik jarri da markagailuan; 2-1. Anartz Amilibiak sartu du hirugarrena 70. minutuan, eta, denbora galtze ugari izan dira Eibarko jokalarien partetik, emaitza horrela mantentze aldera. Hala ere, 81. minutuan, Mikel Ortiz de Urbinak 3-2koa sartu du, eta partidua berotu da. Markagailuan galtzen joan arren, azken minutuetan gogor aritu da UDA, eta, aukera asko izan arren ezin izan dute berdinketaren gola sartu, eta, Oihan Aberrieta epaileak bukatutzat eman du partidua.
Amore eman gabe
"Gaur partidu oso zaila aurreikusten genuen, eta, jarrera positiboa izan du taldeak. Zaletuen babesa ere zoragarria izan da. Borrokatu dugu partidua amaitu arte, baina, ezin izan dugu garaitu. Bi gol sartu ditugu, biak buruz, eta, emaitza ona izan ez arren, UDAren filosofia jarraituz, ez dugu amore emango eta liga amaitu arte borrokatuko dugu", adierazi du Josu Aizpuruak, UDAko jokalariak.