Sei artzain txakur lehian zapatuan, Otala Zelai eguneko ekintzak hasteko

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 10a, 08:18

Xabier Gastañaga lanean lehenengo txapelketan.

Artxate elkarteak eta Udalak hirugarrenez antolatu dute artzain txakurren lehiaketa; bihar, zapatua, jokatuko da, Aozaratza auzoko zelai batean, eta sei lehiakidek jardungo dute zein baino zein gehiago. Haien artean hiru debagoiendarrak dira.

Otala Zelai egunari hasiera emango dio hirugarrenez antolatu duten artzain txakurren lehiaketak. Aozaratza auzoan, Otala dorretxetik gertu, elkartuko dira sei artzain, border collie arrazako txakurrekin, bihar, zapatua, 17:30ean.

Hiru lehiakide debagoiendarrak izango dira: Asier Dacosta aretxabaletarra Zeru txakurrarekin eta Javier eta Xabier Gastañaga aita-seme antzuolarrak Cool eta Sandy txakurrekin. Taldea osatuko dute Matxibentako Pello Segurolak Argi-rekin, Izurtzako Juanjo Garatek Tina-rekin eta Galdakaoko J.R. Askargortak Bat-ekin.

Txapelketak bi zati izango ditu: lehenengoan, bandera batzuen atzetik pasatuko da txakurra eta ardiak eramango ditu artzainaren alboan dagoen zirkulura; han, epaileek esango diote nondik jo behar duen. Bigarren zatian, banderen artetik pasatuko da eta ardiak zuzen-zuzen eraman beharko ditu zirkulu batera. "Txakurrak eta artzainak duten ulermena ikusiko da lan horiekin", adierazi du Mikel Pagazartundua antolatzaileak, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu: "Ikuskizun benetan polita da".

Artxate elkarteak antolatu du lehiaketa; arraza libreko txakurrak dituzten hogeita bost bat gipuzkoarrek, arabarrek eta bizkaitarrek osatzen dute hori.

Asier Dacosta: "Etxean presioa handiagoa izango da"

Hainbat txapelketatan izan da Asier Dacosta (Aretxabaleta, 1999), baina etxean lehenengoz hartuko du parte.

Lagunen eta senideen babesa izango duzu etxean.

Bai, baina presioa ere handiagoa izango da; lan txukuna egin gurako nuke, eta Otala Zelai inguruan giro polita sortu.

Zeru da zure txakurra; badira urte batzuk harekin diharduzula, ezta?

Bai; sanjuanetan lau urte egingo ditu. Gero eta konfiantza handiagoa dut harengan eta nik neuk ere lasaiago jarduten dut. Urteekin txakurra asentatu egiten da, eta bere garairik onena oraintxe datorrela esango nuke, lau urtetik aurrera.

Txapela irabaztea badakizue zer den, ezta?

Bai; iaz, Muskizko txapelketa irabazi genuen. Ikusiko dugu aurtengo urtea zelakoa den.

Domekan, Otala Zelai eguna

Domekan, haurren lasterketek eta krosak (11:00) emango diote hasiera Otala Zelai egunari, ohi legez. Sari banaketaren (12:15) ondoren, kirol jokoak izango dituzte umeek eta sagardo festa helduek, trikitilariek girotuta.

Bazkaria norberak eraman beharko du eta antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte. Arratsaldean (16:00) euskal disko festa izango da Mikeltxi DJarekin, eta gero (18:00), dantza saioa Leizarra musika eskolako ikasleen eskutik. Eguna agurtuko dute Mikeltxi-ren doinuekin.

Eguraldi txarra eginez gero erromeria Iturrigorri pilotalekuan izango dela eman dute aditzera antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak