Apirilaren 30etik maiatzaren 1era bitartean sartu ziren lapurrak Urbaltz tabernan. Kalte materialak eragin zituzten eta dirua eraman zuten; hala eman dute aditzera arduradunek sare sozialen bidez. Gaineratu dute hainbat eragile eta musika talderen dirua ere ostu zutela. Horregatik, lapurreta hori "tabernaren, bertako langileen eta herri mugimenduaren eta hori osatzen duten pertsonen kontrako erasoa" ere badela adierazi dute.
Komunitatearen babesa
"Komunitate zabalak" osatzen du Urbaltz, eta haien babesa jasotzen dabiltza: "Beste momentu askotan gure komunitatearen indar eta ilusioan babes hartu dugu, eta eraso honen ostean ere batera egingo dugu aurrera". Horregatik, ekainaren 8rako jaialdi bat iragarri dute, "auzolanean bidea egiten jarraitzeko".
Jaialdi hori girotuko dute bertako musika taldeek, baina xehetasunen berri aurrerago emango dute.