Urrezko aukera galdu du UDAk Deustoren aurka (0-0)

Josu Bilbao Atxutegi 2024ko mai. 5a, 18:56

Gola lortzeko hamaika aukera izan dituzte aretxabaletarrek, baina zortea ez dute alde izan atearen aurrean. Orain, lidergoan, Eibar B-rekin batera 68 puntura dago UDA eta hurrengo neurketa armaginen aurka izango dute.

Harmailak lepo bete dira gaurkoan Ibarra futbol zelaian, UDAk lidergoari eusteko hil ala biziko partida baitzuen Donostiako Deusto taldearen aurka. Hala ere, jokalariek ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu, partida irabazteko aukera asko izan arren.

Lehenengo zatian, eta partida osoan, UDAko jokalariak jaun eta jabe izan dira berdegunean, eta Deustok atzean itxoin dio Unai Calzonek zuzentzen duen taldeari. Donostiarrek kontraerasoa bilatu dute, baina UDA bikain aritu da defentsa aurreratuarekin baloi guztiak ondo mozten. 13. minutuan izan du Aretxabaletako taldeak norgehiagokako lehen aukera garbia, baina burukada ederra Deustoko atezainak ondo gelditu du. Aurretik atzerako artazi batekin baloia sareetara sartzen saiatu da UDAko jokalari bat, baina baloia langa gainetik gutxigatik joan da kanpora.

UDAk erasoan tinko jarraitu du, eta 21. minutuan, Mikel Ortiz de Urbinak izan du aukera garbia gola lortzeko. Hala ere, gaurkoan, debagoiendarrak ez dira fin ibili errematean. Donostiako taldearen aukera bakarra 32. minutuan heldu da, baina baloia kanpora bidali dute, buruz gain atezaina gaindituta. 33. minutuan UDAk gola eskuratzeko beste aukera berri bat izan du, baina ezinean ibili dira Calzonen mutilak.

Bigarren zatian aukera gutxiago egon dira, baina berriz ere, UDA izan da nagusi Ibarran. 63. minutuan korner jaurtiketa batean aukera argia izan dute aretxabaletarrek, baina baloia kanpora joan da. Azken minutuetan, gainera, Deustoko atezaina oso seguru ibili da aireko baloietan, eta UDA estrategia jokaldietan aukerak sortzen saiatu da. Neurketako azken minutuan izan dute beste aukera argi bat Calzonen mutilek, baina baloia atezain donostiarraren eskuetara joan da.

Azkenean, 0-0ekoarekin eta puntu bakarrarekin, lidergoan Eibar B taldearekin berdinduta dago UDA. Hurrengo norgehiagoka, ia-ia final erabakigarria izango dena, Eibarren aurka izango dute aretxabaletarrek etxetik kanpora.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak