Rachid Archaoui (Hegoaldeko Tinghir, Maroko, 1994) aretxabaletarra arte martzial mistoko (MMA) WOW txapelketako borrokalari semiprofesionala da eta azken bi urteotan buru-belarri dihardu horretan. Joan den zapatuan, apirilaren 27an, pauso garrantzitsua eman zuen Alacanten, haren kategorian bigarren zegoen Zaragozako Richard Jacomeri irabazita.
Lehen posturako bidea
Oso pozik dago azken garaipenarekin: "Lehen roundean hartu nuen mendean; round bakoitzak hiru minutu irauten du, eta bi minutu eta erdian mendean nuen: kolpeak eman nizkion, kaiolaren aurka estutu, lurrera bota, eta bukaera eman nion gillotinarekin". Zaragozarrak esperientzia handiagoa izan arren, konfiantza osoarekin joan zen Archaoui: "Nik baino urte gehiago daramatza, eta nire borrokaldi kopuruaren hirukoitza du. Baina nik ere denbora asko eman dut prestatzen eta konfiantza handia nuen neure buruarengan".
Jacome bigarrena zen rankingean, 65,8 kiloko kategorian, lehen postua hutsik zegoelako: "Hortaz, ni egongo nintzateke, oraingoz, lehen postuan".
UFC txapelketa amets
Orain dela zazpi bat urte hasi zen arte martzial mistoak lantzen: "Zaletasun gisa hartu nuen, kirola egitearren. Baina azken bi urteotan ez dut besterik". Arrasaten Javi Diez entrenatzailearekin ekin zion ibilbideari, Yaman Mjahed eta Iker Davilarekin batera, eta oso gustura dabil: "Hirurok osatzen dugu taldea, Original MMA Team, eta Espainiako onenen aurka gabiltza jokatzen; Yaman dagoeneko onena da bere kategorian eta ni ere bide beretik noa".
Egunean sei ordu inguru entrenatzen da eta haren ametsa da UFC txapelketan jokatzea noizbait: "Munduko borroka onenak dauden liga delako". Horretarako dihardu prestatzen, eta, Alacanteko garaipenaren ostean, hurrengorako gogotsu dago: "Izan ere, azken horretatik garbi irten nintzen, minik gabe. Yamanek, adibidez, Madrilen, Vista Alegren, dauka, maiatzaren 25ean; Espainian izan den MMAko orain arteko ekitaldirik handiena izango da. Sekulakoa izango litzateke han egotea".