Ikasgelan ikasia plazara "ahalik eta modu jostari eta erosoenean" eramatea du helburu Gelatik Plazara sariketak, 14 urtez azpiko gipuzkoarrei zuzenduta, eta atzo jokatu zituzten finalak Aretxabaletan: Zaraia aretoan izan zen bata, eta Villabona-Asteasu taldeko bertsolariek jantzi zuten txapela; hain justu, Ane Olaetxeak, Nora Larrañagak, Eñaut Otañok eta Ekhi Alvarezek. Beste finala, berriz, Kurtzebarri eskolan jokatu zen, eta Azkoitia-Errezilgo taldeak irabazi zuen: Greta Etxanizek, Mikel Zabalak, Ane Peñak eta Nora Arrizabalagak.
Finalen ondoren ere izan zuten zertaz gozatua bertaratutakoek: bazkaria izan zen 13:00etan, eta 14:30ean, berriz, Mihiluze jolasa; bukatzeko, amaiera ekitaldia egin zuten 16:30ean.