Arkupe kultur etxeko galdarak eta hozteko makinak aldatzeko proiektua bideratuta dauka Udal Gobernuak, eta prentsa-ohar bidez jakinarazi du lizitazioa datorren astean jarriko dutela abian Hirigintza batzordean.
Aldaketa horiek egiteko arrazoia da berokuntza zein hozte-sistemak zaharkituta daudela eta arazoak eman dituztela azken urteetan: "Hainbat matxura izan dira eta kultur etxean beharrezkoa den erosotasuna bermatu ezin den egoera batera iritsi gara". Hain zuzen ere, 2023ko abenduan hainbat lan egin beharrean izan ziren behin-behinean konpontzeko.
Horren guztiaren jakitun eta arazoari behin betiko konponbidea emateko, 2024ko udal aurrekontuan 245.000 euro bideratu zituzten klimatizaziorako eta 69.000 euro eguzki-plakak jartzeko.
Kontsumoan aurrezpena
Beroa eta hotza sortzeko sistema ordezkatzeaz gain, bero eta hotz horren banaketa sisteman ere aldaketak egingo direla adierazi dute: "Eraginkortasuna hobetzeko eta erabiltzaileentzako erosotasun termikoa nabarmen hobetzeko".
Berokuntza-sistemaren aldaketa horrek kontsumoan aurrezpen esanguratsua ekarriko duela gaineratu dute, eta eguzki-plaken sistemarekin konbinatuz gero eraikinaren energia-eraginkortasuna nabarmen hobetuko dela. Teilatuan eguzki-plaken 60 kW-ko potentzia instalatuko dute.
Laguntza EEEk
Iragarri dute egin beharreko lan horietarako dirulaguntza handia lortu dela "udal teknikarien kudeaketari esker". Hala, Energiaren Euskal Erakundeak bi laguntza eman dizkio Udalari: 169.353 euro aerotermia-sistema instalatzeko eta 45.540 euro eguzki-plakak jartzeko.
Udal Gobernuak uste du inbertsioaren %65 baino gehiago estali ahal izango dela laguntza horiekin. Hori horrela, Udal aurrekontuan gordetakoari beste erabilera bat emango dio: "200.000 euro aurrekontutik askatu ahal izango dira, herriarentzat beharrezkoak diren beste inbertsio batzuetara bideratzeko".