Ikastaro asko apirilean hasita, Gu Haziak Gararekin

Mirari Altube Arrese 2024ko mar. 29a, 10:10

Hainbat lagun kakorratz-lanak egiten laguntza elkartearen egoitzan. (Argazkia: Gu Haziak Gara)

Hainbat eskulan-saio antolatu ditu, besteak beste, kakorratz-lanak egiteko eta josten ikasteko; helburuen artean daude belaunaldien arteko harremanak sustatzea eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea normalizatzea.

Guztion ikastaroak guztiontzat izenpean hainbat formakuntza-saio antolatu ditu Gu Haziak Gara laguntza elkarteak; besteak beste, kakorratz-lanak, gurutze-puntua eta josten ikasteko saioak. Ikasketa prozesua baino gehiago dela zehaztu dute, atzean hainbat helburu daudelako. Apirilean hasita hiru hilabete iraungo dute ikastaroek eta izena emateko epea zabalik dago, 681 65 59 39 telefono-zenbakira deituta.

Lau helburu

Ekimenak lau helburu ditu, elkarteko kideen esanetan: belaunaldien arteko eta genero-aniztasuneko kulturen arteko harremanak sustatzea, giro ludikoan eta harmoniatsuan; gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea normalizatzea herriaren bizitzan; arautu gabeko prestakuntza eskaintzea hainbat arlotan –joskintza, genero-ekitatea, kontsumo arduratsua, nekazaritza ekologikoa, kultura-aniztasuna, sukaldaritza, joskintza, estanpazioa...–; eta udalerrian borondatezko lana, sareko lana eta gizarte-kohesioa bistaratzea.

Ordaintzeko bi modu

Ikastaro guztiek prezio bat dute dirutan (90 euro) eta beste bat denboran (bederatzi ordu boluntario). "Ikastaroei balioa ematen zaien heinean, pertsonen denborari ere balioa ematen zaio; era berean, inor ez da baztertua sentitzen ordaintzeko dirurik ez izateagatik", adierazi dute elkartetik. 

Urtean zehar gutxienez sei ikastaro emango dituzte, "erabiltzaileen nahiak kontuan" hartuta. Hala proposatu dituzte estanpazioa, kakorratz tailerra, joskintzako saioak eta gurutze-puntua. "Erabiltzaileei zein ikastaro emango luketen galdetuko zaie; horrela, bermatu egingo da gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea eta boluntariotza sustatzea".

Ikastaroak

Estanpazioa

  • • Apirilak 22-ekainak 17 
  • • Astelehenak (17:00-18:30)

Kakorratz-lanak

  • • Apirilak 17-ekainak 19 
  • • Eguaztenak (17:00-19:00)

Joskintza: hasiera

  • • Apirilak 23-ekainak 20 
  • • Martitzenak (17:00-18:30)
  • • Eguenak (10:00-11:30)

Joskintza: proiektua

  • • Apirilak 25-ekainak 20 
  • • Eguenak (17:00-18:30)

Gurutze-puntua

  • • Apirilak 26-ekainak 21 
  • • Egubakoitzak (10:00-11:30)

Joskintza: konponketak

  • • Apirilak 27-ekainak 22 
  • • Zapatuak (16:00-17:30)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak