Frontenisa gustuko duten Aretxabaletako emakumeak elkartzea helburu, lehenengoz antolatu dute topaketa. Bihar izango da, martxoak 16, Iturrigorri pilotalekuan, 10:30etik 13:00etara. Hamabost bat lagunek dagoeneko eman dute izena, baina antolatzaileek adierazi dute pilotalekuko ateak zabalik izango dituztela eta egunean bertan joaten direnak ere ondoetorriak izango direla.
Elkartu eta jokatu
Martxoaren 8aren bueltan antolatzen den frontenis txapelketa du abiapuntu topaketa horrek: "Dagoeneko hamar urte bete dira lehenengoz antolatu zenetik. Orduan, Aretxabaletako bikoteak ziren gehiengoa, baina jokalariak kanpotik etortzen hasi eta maila igo egin zenean herrikideek atzera egin zuten. Horregatik, nondik gatozen gogora ekartzea eta noizbait jokatu dugunok elkartzea da asmoa, eta gazteak erakartzea, noski", azaldu du antolatzaile taldeko Lierni Zangituk. Hala, zozketa eginda bikoteak osatuko dituzte eta hainbat erronda egongo direla aurreratu du: "Kontua da nahastuta ahalik eta partidu gehien jokatzea".
Goiza borobilduko dute kontu-kontari jardun eta mokadutxo bat janda udaletxe zaharrean.
Hainbat talde
Iturrigorri frontoian hainbat emakume elkartzen dira frontenisean jokatzeko: "Oraindik ere gutxiago gara, baina ia poliki-poliki animatzen goazen. Gure gogoa zen asko elkartzea, eta jakin badakigu interesa duen jende gehiago badagoela. Baina aste bukaeran honetan hainbat ez dira egongo". Hala, hurrengo topaketa bat egiteko aitzakia badute.