Fun Dantz dantza urbanoen jaialdia bueltan dator; bihar izango da, martxoak 16, Ibarra kiroldegian. Zortzigarrenez antolatu du Break On Stage ekimenak, Udalaren laguntzarekin, eta oraingoan Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako hogei talde izango dira lehian; besteak beste, Nafarroako hainbat –esaterako, Iruñetik, Atarrabiatik eta Noaindik etorritakoak–, Gasteizkoak, Barakaldokoak, Donostiakoak eta Bergarakoak.
Hiru kategoriatan banatuta jardungo dute nor baino nor gehiago: haurrak, 11 urte artekoak; gazteak, 12 eta 16 urte artekoak; eta absolutua, 16 urtetik gorakoak. Bergararrek hiruretan hartuko dute parte: Candem Vibes, Candem Joys eta Candem Rules. Kategoria bakoitzeko irabazlea maiatzean Barakaldon egingo den Break On Stage lehiaketarako sailkatuko da.
Lehiaketa 18:30ean hasiko da eta 20:00ak arte iraungo du. Sarrerak dagoeneko eros daitezke aretxabaleta.eus atarian, eta, bestela, egunean bertan kiroldegiko leihatilan.