Halaxe ospatu dute harmailetan Reala Kopako finalera sailkatu izana

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 13a, 22:04

Bost urte pasa dira Oihana Aldai aretxabaletarrak Realeko taldekideekin batera Erregina Kopa Granadan irabazi zuenetik, eta maiatzaren 18an talde txuri-urdineko ordezkariek balentria errepikatu ahal izango dute, gaur (2-1) Atletico de Madril kanporatu eta gero. Anoetako harmailak goraino bete dira, eta tartean izan dira, besteak beste, UDAko harrobiko neskak –irudian–.

Helburu handiak lortzeko diseinatutako taldeen aurrean ostera ere hazi egin da Reala. Atletico de Madril aspaldiko ezaguna da, duela bost urte ere gainditu beharreko kontrarioa izan zen, baina oraingoan ez da finalean izan, eta bai finalaurrekoan. 15.000 zaleren bultzada izan dutei txuri-urdinek, eta kanporaketa zaila gainditu dute. 

Lehen minutuetan hobeto ibili da Atletico Madril. Donostiako taldeak zalantzak izan ditu lehen minutu horietan, eta madrildarrek hegalekoen bizitasuna baliatu nahi izan dute Elene Leteren atera iristeko. Hobeto hasi dira, eta presio itogarria ezarri dute, nahiz eta ez duen aparteko eraginik izan. Realak hotz hasi du norgehiagoka, baina eurak izan dira lehen kolpea eman dutenak. Natalia Arroyoren taldearen eraso jokaldia bikain amaitu du Sanni Franssik, baloia sareetara bidaliz (1-0). Pauso polita zen aurrera egiteko, baina goiztiarra, denek zekiten-eta Atletico iazko txapela defendatzeko helburu garbiaz zegoela.

Bigarren zatian Atletico erreakzionatzen saiatu da, baina Realak eman du ustez erabakigarria izan zitekeen kolpea (2-0).  Jensenek korrikaldi ederra egin du baloiaz, atzelaria gainditu du bien arteko lehian, eta, erremate gurutzatu batekin gainditu du Gallardo atezaina. Gutxi iraun du, baina, poztasunak, apenas minutu batzuk, Atleticok 2-1ekoa egin duelako hurrengo jokaldian. Eva Navarro izan da golegilea.

Hor etorri da Atleticoren bultzada, berdinketa lortzeko nahia, eta etxekoen beldurrak piztu dira. Sufritzen ere jakin egin behar da, eta defentsa lanean buru-belarri, Realak ondo eutsi dio markagailuko alde txikiari, luzapeneko 5. minutuan (95) epaileak partiduaren amaiera adierazi duen arte. Hor egin dute zaleek eztanda. Gaur, duela hilabete moduan, bat baino gehiago Anoetatik etxerako bidean berandu oheratuko da. Baina, oraingoan merezi izan du. Hurrengo geltokia maiatzaren 18an. Non eta noren kontra, zehazteko daude oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak