Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan hamargarrenez antolatu dute UDAk, Loramendik eta Udalak txapelketa, eta "giro polita izan dela" Iturrigorriko harmailetan adierazi dute: "Azken urteetan bikote kopurua pixka bat behera eginda zegoen, eta aurten, zerbait errekuperatzea lortu da".
Finalerako ez zen herrikorik sailkatu. Goierritarrek eta elgetarrek jokatu zuten eta partidu luze eta berdinduan debagoiendarrak izan ziren nagusi, azken lau tantoekin markagailua iraulita: Maitena Mañarikua eta Mireia Rubio 22- Ihintza Imaz eta Maialen Ezeolaza 21. "Oso partidu polita eta orekatua izan zen, maila handikoa", adierazi dute antolatzaileek.
Hirugarren eta laugarren postua, ostera, herrikideen artean erabaki zuten; Lierni Zangituk eta Ibone Arrietak irabazi zieten Jasone Zabala eta Zuriñe Etxanizi, 22 eta 19.
Antolatzaileak pozik agertu dira: "Giro oso polita egon da eta jendea ere gustura geratu dela uste dugu".