Hona hemen Velez de Mendizabalek dioena:
"Juventud Deportiva Mondragón, 1953-54 denboraldia. Oso txapelketa ona egin zuen Arrasateko futbol taldeak. Hirugarren mailan ari zen eta jokalari onak zituen, bere arerioak Huesca, Burgos, Indautxu, Numancia eta gisa horretakoak zirelarik. Azkenean laugarrena izan zen, Sestao, Huesca eta Arenasen atzean.
Mondra hartan bazen jokalari bat, Jesus Urkia Sebitas atezain atxabaltarra, bigarren mailako Alaves taldeak utzita sarrailagileekin aritu zena. Oso denboraldi bikaina egin zuen Sebitas-ek. Hori dela eta, Alavesak bere talderako berreskuratu zuen 1954-55 denboraldirako, babazorrroak lehen mailan zeudela. Mondrako kide ohiak ez zuen urte hartan partidurik jokatu, titularra Javier Berasaluze baitzeukan, urtebete geroago Real Madridek eramango zuen debatarra. Baina 1955-56 denboraldian lehen mailako bere debuta egin zuen atxabaltarrak, Metropolitano futbol zelaian, Atletico Madriden kontra. Gasteiztarrek 8-1 galdu zuten. Sebitasek penalty bat geratu zuen.
Sebitas-ek bigarren mailan segitu zuen Alavesen 1959-60 denboraldira arte. Eta Juventud Deportiva Mondragonera itzuli zen 1963-64ko liga txapelketarako".