Aretxabaletak bosgarren dagoen Mutriku hartuko du domekan Ibarran (16:30). Calzonen mutilak ikusgarri dabiltza bigarren itzuli honetan –kategoriako liderra da UDA–, inork ez die itzalik egin, 2024an jokatu dituzten partidu guztiak irabazi egin dituzte eta bigarrenari, Zarautzi, 5 puntu ateratzen dizkiote. Baina, adi etziko kontrarioarekin, lehenengo itzulian ere mutrikuarrak izan ziren-eta Aretxabaletari hortzak erakutsi zizkioten lehenengoak (1-0). Laugarren dagoen Bergarak ere etxean jokatuko du asteburuan, domekan (17:00, Agorrosin). Hala, mahoneroek azken sailkatu Beasain izango dute aurrean.
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, atzealdeko postuetan dauden bi talde izango dira domekan aurrez aurre, azken sailkatu Oiartzunen zelaira joango dira-eta apur bat hobeto dauden Debagoiena Bailarako neskak (16:00).
Mondrak sendo jarraitzen du
Gorengo mailan Mondrak indartsu jarraitzen du. Hamar jardunaldi geratzen zaizkio ligari, baina, 12 puntuko aldearekin, zuri-moreek oso aurreratuta dituzte mailaz igotzeko lanak. Bihar (16:30, Mojategi), UDAko bigarren taldea hartuko dute. Eta bigarren postua lehiatzeko trena galdu nahi ez duen Aloña Mendik ere derbia izango du domekan (16:30): atzealdean dagoen Antzuola izango dute bisitari.