Adiskidetasuna ardatz duen istorioa aurkeztuko du Aratz-ek

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 29a, 17:20
June Elkoro, zirkuan, filmaren une batean. (Irudia: Aratz elkartea)

Zirkus izena duen filma elkarteak egiten duen zazpigarrena da, eta martxoaren 1ean, egubakoitza, estreinatuko dute, Arkupen.

Aratz elkarteko kideek egindako Zirkus film laburra estreinatuko dute Arkupen. Bi emanaldi izango dira: bat 18:30ean eta bestea 19:30ean. Eta aurretik, 18:00etan, kultur etxeko sarreran jarriko duten photocall-etik pasatuko dira protagonistak, haien senideak zein elkarteko gainerako kideak. Herritarrek ere ikusi ahal izango dute filma; bigarren emanaldia, hain zuzen ere.

Gure Zirkukoen laguntza

"Lagunak izatea zein garrantzitsua den jaso dugu, eta istorioa oso sinplea da", adierazi du filmaren gidaritza izan duen Jokin Antxia kideak: "Junek istripua izan du bizikletarekin; hankan eta lepoan izan ditu zauriak. Oso triste eroan dute ospitaletik etxera, eta, ahalegindu arren, lagunek ezin dute animatu. Halako batean, zirkua iritsi da herrira, eta Juneren lagunek bertako kideei eskatuko diete laguntza". Hogei minutuan kontatuko dute hori guztia.

Elkarteko hogei bat lagunek jardun dute aktore lanetan, eta grabazioaren ardura Xabi Antxiak izan du. Urrian grabatu zuten, Gure Zirkua herrian egon zen asteetan. "Iazko otsailean egon ginen Gure Zirkuko kideekin proiektuaren berri ematen. Baietza eman ziguten, eta gurera zetozenean egiteko geratu ginen. Halaxe izan da".

Aurkezteko gogotsu

Oso ondo pasatu dutela lana egin bitartean adierazi du Antxiak: "Gozatu egin dugu grabatzen; muntatzen; ondoren, kontatzen… Guztia zoragarria izan da". Filma, gainera, oraindik ez du inork ikusi, guztientzat "sorpresa" izan dadin gura dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak