Harreman osasuntsuak lagun artean du izena lehen saioak eta otsailaren 29an izango da, Nerea Mendizabalen eskutik. Zer egingo dugu gure haur eta nerabeak sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten? galdera jarriko dute mahai gainean apirilaren 25ean, eta azken saioan, Pornografia, gaur egungo sexu heziketa ote? izango da lanketarako gai maiatzaren 9an.
Hiru hitzaldiak Arkupen izango dira, 18:00etan, eta gura duten guraso eta profesionalek parte hartu ahal izango dute. Izen-ematea otsailaren 28a arte egongo da zabalik gazteria@aretxabaleta.eus helbidera idatzita edo telefonoz deituta: 943 71 18 62.
"Gurasotasun positiboa"
Treba Gurasoak programa "gurasotasun positiboan" oinarritutako eskaintza pedagogikoa da eta orain dela hiru urte jarri zuen abian Foru Aldundiak. Aretxabaletako Udalak hasieratik egin du bat horrekin. "Harreman afektibo osasuntsu, babesle eta egonkorrak sustatzeaz gain, errutinetan eta ohituretan egituratutako hezkuntza-ingurune bat sortzen du. Aldi berean, egitasmo honekin estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak eskaini nahi dira, haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aitortuz, eta haien eguneroko bizitzan lagunduz", adierazi dute antolatzaileek.