Nagusi izan da UDA gaur arratsaldean Ibarra futbol zelaian eta sailkapeneko lehenengo postua berretsi du Tolosaren aurka 4-0 irabazi ostean. Bazekiten Unai Calzonen mutilek tolosarrak ez zirela aurkari erraza izango eta, hori dela eta, hasieratik "erritmo handia" ezarri nahi izan dutela adierazi du aretxabaletarren entrenatzaileak. Talde tolosarrak baloiaren jabetza izatea nahi zuela jakinda, defentsan gogor aritu eta kontraerasoan min egitea nahi izan dute etxekoek, eta baita lortu ere. Unai Cebrinok estreinatu du markagailua eta lehenengo zatiaren erdialdean Mikel Ortiz de Urbinak sartutako golak arnasa eman dio etxeko taldeari.
Aldageletatik bueltan erritmo altua mantendu nahi izan du UDAk, eta arlo fisikoan izan duten alde nabamena erabakigarria izan da hiru puntuak etxean geratzeko. Partida amaieran Ibon Perez de Labeagak eta Manex Ibarrondok sartutako gol banak erabakita utzi dute partidua eta UDAk sailkapeneko lider gisa amaitu du beste asteburu batez.
Calzonek, baina, lasaitasun mezua helarazi nahi du "denboraldia luzea" dela eta "aurkari zuzenak ere bolada onean" daudela esanaz. Datorren asteburuan Beasainen aurka jokatuko dute aretxabaletarrek lidertza mantentzeko.
Gainontzeko emaitzak
Ohorezko Erregionalen Mailan, Bergarak ez du lortu Real Union talde irundarra garaitzea (0-1) eta Debagoiena Bailarak 5-0 galdu du Urolari eginiko bisitan.Hala ere, mahoneroei dagokienez, sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute. Gorengoen mailan, Mondrak lehenengo postua berretsi du Zumaiakoren aurka 6-0 irabazi ostean; Aloña Mendik berriz, 0-1 galdu du Azkoagainen Billabonaren aurka.