Irudimenak ez du mugarik izan Aretxabaletan

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko ots. 11a, 16:04

Espainiako ejerzitoarekin Leonor printzesa, Leonardo da Vinci margolaria, Erdi Aroko errege-erreginak, Turkiatik herritarrei ilea jartzeko asmoz etorri diren profesionalak... Askotariko protagonistak izan dira Aretxabaletako Aratuste desfilean. Eta kale ertzak jendez bete dira ikuskizunarekin gozatzeko asmotan.

Urtero bezala Txino dantzaren doinuek iragarri dute azkenean iritsi dela horrenbeste esperotako Aratuste jaietako desfileari hasiera emateko momentua. Ordurako prest zeuden herritarrak, mozorroak soinean eta gaurko egunerako prestatu dituzten karroza eta bestelakoak alboan.

Haur eta gaztetxo ugari animatu dira euren karrozak prestatu eta mozorrotzera. Horiek izan dira desfilea zabaldu dutenak; 80ko hamarkadako dantzariak, Bob Esponja bere lagunekin inguratuta, Masterchef sukaldaritza saioko parte-hartzaileak epaileen begiradapean... Bakoitza bere pertsonaian murgilduta hartu dute parte desfilean.

Askotariko mozorroak

Pertsona ezagun ugari izan dira gainera gaur Aretxabaletan. Esaterako, Cristina Pedroche talde bat Porta Sol plazan izan da kanpaikadak ematen, soineko dotorez jantzita.

Aurrez Whatsapp bitartez bolo-bolo ibili den erregearen audioak aurreratzen zuen bezala, Leonor printzesak ere bisitatu du herria. Espainiako ejerzitoaren babespean etorri da.

Turkiatik ere etorri dira Aretxabaletara ilea jartzen duten hainbat profesional. Herrian burusoil daudenei ilea jartzeko asmoz, kirurgia gela eta guzti ekarri dute.

Veneziatik zuzenean etorritako gondoleroak edota Leonardo da Vinci bera ere herrian izan dira.

Erdi Aroko errege-erreginak ekarri dituzte bestetik UDA taldekoek. Eta horien babespean, herrian golf zelaia jartzeko aldarrikapena egin du beste koadrilla batek.

Zaldi lasterketa bat ere ikusi ahal izan da, eta herri kirolekin apustuak egiteko aukera ere ez da falta izan.

Everest Resort izenpean, elurra botatzen zuen kamioi baten, bestalde, mendian zaborrik ez uzteko aldarrikapena ere egin dute desfilean.

Indioak, eskimalak edota beste hainbat jatorritako pertsonaientzako lekua ere izan da. Eta noski, guztiak festarako eta parrandarako gogoz irten dira kalera.

Mozorro sarituak

Sariak jaso dituzten mozorroak honako hauek izan dira.

16 urtetik beherakoak:

  • - Arrantzaleak.
  • - Wonka.
  • - Bob Esponja.
  • - Masterchef.
  • - Legoak.

16 urtetik gorakoak:

  • - Golf kluba.
  • - Ascoteko zaldi-lasterketak.
  • - Drag queen bikotea.
  • - Turkiako ile-apaindegia.
  • - Polinesia.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak