Festak eztanda egiteko zain daude aretxabaletarrak

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 9a, 06:59

Piratak, iazko desfileko une batean.

Gaur bertan hasita herria Aratusteetan murgilduko da, datorren martitzenera bitartean. Egun handia domekakoa izango da, non, eguraldiari aurre eginez, irudimena, umorea eta koloreak ez diren faltako herriko kaleetan barrena.

Domekan, sormenaren eta irudimenaren erdigune bilakatuko dira, beste behin, herriko kaleak. Aratusteak, ordea, egubakoitzean hasiko dira, arratsalderako kiroldegian Leizarra musika eskolakoek antolatu duten emanaldiarekin. Motorrak berotzeko balioko du, domekan festak eztanda egin aurretik.

Eguraldi iragarpenak ez dira aldekoak, momentuz, baina Udaleko Kultura zinegotzi Ibai Zangituk aitortu duenez, euriarekin ere "aurrera" egingo dute aurreikusita duten egitarau osoarekin. Era berean, azken orduko aldaketarik "ez" dagoela adierazi du.

Atzerako kontaketa

Eguraldi txarrarekin bada ere, izango dute non gozatu. Goizeko txistularien dianak paso emango dio ondoren egingo den txino dantzari. Horiek amaitu bezain pronto hasiko da kuadrillen desfilea. Zangituren hitzetan, eta esan du, barrez, batzuk "larri" ibiliko direla domekara begira. Larritasunak larritasun, desfile koloretsua izango da, eta musika ere jarriko dio Gesaltza txarangak bazkalordura arte. Kiroldegian zein pilotalekuan egingo dituzten bazkarietan hartuko dituzte indarrak, arratsaldeko kalejira, DJ eta mozorro lehiaketaren sari banaketari begira. Eguna Santa Ageda neska-mutilen dantzarrekin borobilduko da.

Gune morea Mitarten

Indarkeria matxistarik gabeko Aratusteen alde, gune morea izango da, domekan, Mitarte kalean, 18:00etatik 22:00ak arte; Sexu Bizik emango du zerbitzua. Sateviko telefono-zenbakia (24 orduz) ere eskura jarriko dute salaketentzat: 900-84 01 11. 

Martitzenean, txikienen txanda

Goizean Irulitxa txarangarekin kalejira egingo dute eskolako umeek; eguraldi txarra bada, Haur Hezkuntzakoak frontoira joango dira eta Lehen Hezkuntzakoak, berriz, kiroldegira. Arratsaldean buruhandiak eta kalejira izango dituzte; azkenik, Txinen hiletarekin Aratusteei agur esango diete.

Egitaraua

Egubakoitza, otsailak 9

• 18:00 Egubakoitz Argal jaia, Leizarra musika eskolak antolatuta.

Domeka, otsailak 11
  • • 10:00 Diana, Aretxabaletako txistulari taldearekin.
  • • 11:45 Txino dantza Santa Ageda neska-mutilen eskutik.
  • • 12:00 Kuadrillen desfilea.
  • • 13:00 Kalejira Gesaltza txarangarekin.
  • • 14:30 Herri bazkaria Ibarra kiroldegian, J&J DJak girotuta.
  • • 15:00 Bazkari golfoa Iturrigorri pilotalekuan.
  • • 17:30 Kalejira Gesaltza txarangarekin.
  • • 18:00 DJ Mikeltxi Herriko Plazan.
  • • 18:45 Mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Herriko Plazan.
  • • 19:00 Santa Ageda neska-mutilen dantza saioa.
  • • Ostean, DJ Mikeltxi Herriko Plazan.
Martitzena, otsailak 13
  • • 11:00 Kalejira Irulitxa txarangarekin.
  • • 18:00 Buruhandien kalejira Irulitxa txarangarekin.
  • • 20:00 Txinen hileta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak