Eguerdi partean hasiko dituzte ekitaldiak bihar, zapatua: 12:00etan, ume eta familientzako erraldoiak izango dira, eta 13:00etan, Txapel Txinekin kalejira.
Arratsaldean, Piratak kale animazioa izango dute umeek 17:00etan; pregoia egingo du Txapel Txinek 18:45ean, Matraka DJak kaleak girotu bitartean; eta bukatzeko, Aretxabaletako Kaparrak taldeak runba doinuak eskainiko ditu Mitarte kalean, 21:00etan.
Bola-txapelketak
Aratusteetako bola-txapelketak Txapel Txin egunean jokatuko dituzte aurten. 16:00etan gazte eta infantil mailetakoen norgehiagokak izango dira. Bi mailetan sariak izango dira: lehenengoari, garaikurra; bigarrenari, kamiseta; eta hirugarrenari, kamiseta.
Helduen txapelketa, ostera, gauean izango da, 22:30ean. Txirlo gehien botatako lehen bostek honako sariak jasoko dituzte: lehenengoak, 100 euro eta urdaiazpikoa; bigarrenak, 75 euro eta paletilla; hirugarrenak, 50 euro; laugarrenak, 30 euro; eta bosgarrenak, 20 euro.
Bolatokia txapelketak hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute jokalariak berotzen hasteko.