Aurkeztutako proiektuan jaso dute gasolindegi bat martxan jartzea, autoak garbitzeko tunel bat eta denda txiki bat. Eskaera hori da udal teknikariek aztertu dutena eta hainbat kontu tekniko ez dituelako betetzen atzera bota.
Udal Gobernua kezkatuta agertu da: "Horrelako instalazioak ugaritzeak eta, bereziki, hiriguneetan ezartzeak kezkatzen du Gobernu Taldea, eta horregatik, Udalak erabaki du hausnarketa aldi bat irekitzea, etorkizunean horrelako instalazioak ezartzeko aukera arautu ahal izateko".
Hirigintza arauen aldaketa
Urtarrilaren 17an egindako osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak aho batez, Aretxabaletako hirigintza arauak aldatzea horrelako jarduerak arautu ahal izateko, hau da, non jar daitezkeen eta zein baldintzatan zehaztuta izateko: "Hori guztia estatuaren araudiak uzten dituen marjinak kontuan hartuta". Aldaketa horri hasiera ematearekin batera, era horretako instalazioetarako lizentziak urtebetez etetea ere onartu zuen udalbatzak.
Herritarren parte-hartzea garrantzitsua dela gaineratu dute Udal Gobernutik, eta, ekarpenak egiteko otsailaren 12a arteko epea eman dute: "Tramitazio hori egin aurretik, edozein pertsonak helaraz ditzake erregulazio hori egiterakoan kontuan hartu beharko liratekeen kontsiderazioak".