Ibarra kiroldegiko fitness-gunea eguaztenean zabaldu zuten, hainbat berrikuntza egin ostean. Berrantolatu egin dute eremua eta makina berriak jarri dituzte: "Hamaika urteko errodajea zuten eta erabilera handia eman diete, gainera. Bestetik, leku falta ere bazegoen, eta berrantolatu egin dugu, espazio berriak sortzeko eta pilaketak ekiditeko", eman du aditzera Gari Iturbe alkateak. Horretarako, 195.000 euro inbertitu ditu Udalak, eta renting sistema bidez ordainduko du; hau da, bost urtean errenta ordainduko du bukaeran erosteko.
21 bizikleta berri
Kardio-gunea moldatu egin dute eta makina berriak jarri dituzte: korrikan egiteko lau zinta, bi bizikleta estatiko eta bost eliptika. "Horiez gain, indarra lantzeko beste makina batzuk ekarri dira eta pisua lantzeko eremua handitu egin da, baita entrenamendu funtzionala egiteko espazioa egokitu ere, moketa berdea jarrita", azaldu du Udaleko Kirol teknikari Asier Mujikak.
Spinning gelan, bestetik, bizikleta guztiak berritu egin dituzte: 21, hain zuzen ere. "Softwarea ere eguneratu da, bertako saio gidatuek ibilbide berriak izan ditzaten", dio Mujikak.
Ia 3.300 abonatu
Gimnasioaren erabilerak gorakada handia izan du azken urteetan: "Fitness mundua bilakaera izaten ari da eta beste profil bateko erabiltzaileak ikusten ari gara; adibidez, nerabeen kopurua asko hazi da". Ibarra kiroldegiak ia 3.300 abonatu ditu eta bertako kirol jardueretan 800 pertsona inguru dabiltza, besteak beste, spinning saioetan, TRX, GAP, tonifikazio, pilates eta abdominal hipopresibo jardueretan eta igeriketa ikastaroetan.