Bertan da Huhezinemaren hamazazpigarrena

Mireia Bikuña 2024ko urt. 18a, 16:56

XVII. Huhezinemako lan-taldea.

Euskal film laburren jaialdia Aretxabaletan egingo dute hilaren 24an, 25ean eta 26an. Guztira, 81 lan aurkeztu ziren, eta horietatik 31 aukeratu dituzte jendaurrean erakusteko: sail ofizialean hamar, ikasle sailean hamaika eta bideoklip sailean hamar.

Hutsik egin barik, ate joka dago Huhezinemaren XVII. aldia. Euskal Film laburren jaialdia Aretxabaletako Arkupen egingo da hilaren 24an, 25ean eta 26an. "Dena prest daukagu jaialdi polita eta osoa izan dadin. Lan Finalistak ikusteko eta baloratzeko ordua heldu da, bukaera biribila emateko", esan du programazio taldeko kide eta Huheziko ikasle Alex Altunak.

Aukeraketa "zaila"

Guztira, 81 film labur eta bideoklip aurkeztu zituzten lehiaketara. Horietatik 31 izango dira jendaurrean erakutsiko dituztenak: hamarna lan Sail Ofizialean eta Bideoklip Sailean eta hamaika Ikasle Sailean. "Aurten jasotako lan kopuru handiagatik eta horien kalitate maila altuarengatik, zaila egin zaigu aukeraketa egitea. Euskal Herri osoko txoko guztietatik jasotako lanak izan dira", azpimarratu du Altunak.

Aukeraketa prozesuan bereziki azpimarratu dute Sail Ofizialeko lanen maila. Finalisten
artean, gehienbat, fikziozko lanak daude, baina baita ere dokumentalak eta animaziozko
lanak. Azken horien artean dago Goya sarietan hautagai izan zen Txotxongiloa lana.

Punta-puntako epaimahaia

Nazioarteko edozein zinema jaialdiren antzera, Huhezinemak ere izango du lan guztiak ikusi eta epaituko dituen epaimahaia. Punta-puntako epaimahaia, gainera. Dokumental
zuzendari eta gidoilari Maider Oleaga, animaziozko filmen egile Izibene Oñederra eta Ramon Agirre aktorea izango dira azken epaia emango dutenak. Huhezinemak berak jorratzen dituen arloetan eskarmentu handia dute hirurek.

Euren esku egongo da sail bakoitzeko lan onena aukeratzea –Sail Ofizialean 800 euro eta Ikasle eta Bideoklip sailetan 300na euro–, eta baita lehen aldiz emango den Aktore Onenaren Saria –150 euro–. Beste hainbat sari ere banatuko dituzte. Guztira, ia 4.000 euro.

Aurkezleak

Jaialdiak hiru egun iraungo du, eta egun bakoitzean aurkezle ezberdinak izango ditu: hilaren 24an, MUko Ikus-entzunezko Komunikazioko hirugarren mailako ikasle Ane Urresti eta Iker Mateo izango dira aurkezleak; hilaren 25ean, bideoklipak ikusteko egunean, Albina Stradust artista nafarrak hartuko du ekitaldiaren ardura; eta hilaren
26ko final handian, Kepa Errastik girotuko du sari banaketa ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak