Ainara Urrutia da Euskal selekzioko hautatzaile berria

Xabier Urtzelai 2024ko urt. 16a, 17:54

Ainara Urrutia –eskuman– Azkorbebeitiarekin eta Emma Cook-Clarke-ekin batera; Madeirako Sky Race probako hiru onenak izan ziren, iaz.

Euskal Mendi Federazioak jakitera eman du Ainara Urrutia (Aretxabaleta, 1981) izango dela Euskal selekzioko hautatzaile berria, eta Aideko Lopez de Arbinarekin partekatuko du ardura. "Euskal selekzioarekin harreman oso estua izan dut eta naturaltasunez hartu dut proposamena. Ilusioa handia egiten dit, eta lanerako gogoz gaude", adierazi dio GOIENAri aretxabaletarrak.

Mendi lasterketetako Euskal selekzioan teknikariekin batera bi hautatzaile izaten dira, eta Ainara Urrutiak hartuko du Iris Abarrategi ordezkatzeko ardura. "Iris-ek amatasun baja hartu zuen abenduan, eta niri proposatu didate haren lekua betetzea. Egia esan proposamena ilusio handiz hartu dut. Ez da sorpresa izan, azken urteotan Euskal selekzioko korrikalari moduan harreman oso estua izan dut lan-talde osoarekin, eta modu naturalean hartu dut proposamena".

Hala, Urrutiak onartu du asko motibatzen diola ardura berriak, nahiz eta horrek selekzioko korrikalari moduan eragina izango duen: "Noski, Skyrunning zirkuituari muzin egitea dakar erabakiak, alegia, ezin dut selekzioa korrikalari moduan ordezkatu. Baina horrek ez du esan nahi ez dudanik lasterketa gehiago egingo, nire kabuz ibiliko naiz, hori bai". 

Korrikalariek bizi dutena, presente

Duela hilabete gutxira arte Euskal selekzioko korrikalarietako bat izan da Ainara Urrutia, eta zentzu horretan hautatzaile moduan ekarpena egin dezakeela uste du aretxabaletarrak: "Batetik, azken urteotan korrikalari asko eta beste horrenbeste lasterketa ezagutu ahal izan ditut, baina horrekin batera, korrikalari batek dituen sentipenak oso presente ditut, eta uste dut hor ere egin nezakeela ekarpena. Selekziora etorri naizen bakoitzean lan-taldetik sekulako lasaitasuna transmititu didate, korrikalariak bestela ere nahiko presio ezartzen diolako bere buruari, eta kanpotik iristen zaion lasaitasun hori eskertu egiten du korrikalariak. Uste dut Euskal selekzioan oso talde anitza dagoela, denondako tokia dagoela eta bertan egoteko irizpideak oso ondo adierazita daudela. Uste dut orain arte oso lan ona egin dutela, eta gure ekarpena egiteko gogoz gaude orain". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak